Toloño nabarmendu nahi dute administrazioek

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko aza. 9a, 09:48
Toloño ingurunea babesteko urratsa egin dute.

Mendiaren ingurunea babesteko, Urizaharreko eta Bastidako Udalek Paisaiaren Ekintza Plana osatzeko tramitea hasi dute.

"Toloñoko Ateak" bataiatu dute Arabako Errioxa, Mendialdea eta Añana Kuadrillen artean dagoen mendi ospetsuaren inguruak babesteko eta nabarmentzeko idazten hasi diren Paisaiaren Ekintza Plana. Bastidako eta Urizaharreko Udalen elkarlanaren ondorioz martxan jarri dute egitasmoa. 

Juan Jose Betolaza Urizaharreko alkateak argitu duenez, lehen bilkura egin dute plana idatziko duen arkitektoen taldearekin, eta prozesua denbora dezente luzatuko da: "Gutxienez urte bat edo urte eta erdi beharko dute adituek plana idazteko". Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Hirigintza Antolamendua eta Etxebizitza sailaren aldetik, 15.210 euroko diru-laguntza jaso du Bastidako Udalak proiektuaren erredakzioa egiteko. 

Parte-hartzea bultzatu

Dena den, Betolazaren ustez, plana aurrera ateratzeko garrantzitsuena Toloño mendiaren inguruak ezagutzen eta erabiltzen dituzten bizilagunen parte-hartzea izango da. "Eskatu nahi diet Toloño inguruan dauden ganaduzaleei, esate baterako, iritzia emateko, inguruak hobeto zaintzeko eta babesteko zer neurri hartu behar diren azaltzeko; eta berdin ehiztariei, mendizaleei edo Pagoetatik urtero Toloñora kanpatzera igotzen diren bizilagunei". Alkatearen iritziz, Toloño aldea "ondo" kudeatuta dago egun, baina mendiak dituen askotariko erabilerak jasotzen eta ordenatzen dituen dokumentu bat beharrezkoa da: "Nire ustez, orain arte ondo kudeatu da Toloño mendiaren ingurua, eta uste dut erabilera guztiak direla bateragarriak: ganaduarena, ehiztariena, mendizaleena… Hori guztia paperean jasotzea ondo dago, eta alde sozialaren laguntza baldin badugu, hobeto".

Paisaiaren Ekintza Planaren asmoa iragan urtean atera zuten, Toloñoko belardi batean kokatuta dagoen Aingeruen Andra Mariaren monasterioaren hormak zaharberritzeko egin ziren lanen ondorioz.

XIV. mendean eraiki zuten monasterioa, eta Lehen Karlistaldian sute batean suntsitu zuten. Oso egoera prekarioan pasa ditu urte luzeak, eta iaz, erortzeko arriskuan zeuden paretak konpondu zituzten. Bastidako eta Urizaharreko Udalek Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin  lortu zuten monasterioaren hondamendia gelditzea. Halaber, aurten Toloño aldean dauden bi elur-zuloak finkatzeko obrak egin dituzte. 

Betolazak adierazi duenez, hasierako asmoa monasterioaren hondakinak finkatzea izan zen, arrisku handia suposatzen zutelako inguruan ibiltzen direnentzako, "baina Bastidakoek eta guk geuk Toloñori diogun maitasunagatik hasi ginen pentsatzen inguru hori nabarmendu eta babestu behar genuela". 

Hartara, Paisaiaren Ekintza Planak, besteak beste, mendian dauden elementu desberdinen babes maila jasoko du, eta ibilbideak eta seinaleztapena hobetzeko neurriak ezarriko ditu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide