Zerbait ari da berotzen Araban...

Unai Viana 2017ko aza. 7a, 14:10

Euskararen alde lanean ari diren gazteen lehen topaketa, Gasteizen. /Topagunea

Azaroaren 18an, Arabar Gazte Euskaltzaleon II. topaketa egingo dute Gasteizen.

Arabako sukaldeetan mugimendua dabil. Irrintziak datoz leihotik kanpora, lapikoen kolpeak entzuten dira urrunetik, labanak zorrozten ari dira… Arabako sukaldeetan bada mugimendua, bada zer kolpatu, bada zer zorroztu. Badugu zer borrokatu.

Mugitzen ari dira iaz sortutako loturak, Arabako Errioxatik Gorbeialdeara, Aiaraldetik Lautadara, Añatik Trebiñura, Mendialdeatik Gasteizera… Arabako gazte euskaltzaleak sukaldetik irten dira beste behin, inoiz barruan egon badira, Arabar Gazte Euskaltzaleon II. Topaketa badator eta! 

Iaz hasi zen ezkututik argirako bidea, izan ere, Araban euskararen alde lanean ari garen gazteak lehenengo topaketa batean elkartu ginen. Elkar ezagutu, gure lana zein erronkak azaldu, ametsak partekatu eta elkarrekin amets egin genuen. Ezinbestekotzat jotzen genuen sare bat sortu genuen, elkar elikatzeko, elkarren eredu izateko, elkarri hazten laguntzeko, elkarrekin borrokatzen jarraitzeko. 

Saretzeak eman ditu bere fruituak eta, aurten, bigarren topaketa bat eraiki dugu denon artean, bakoitzak bere sukaldeko, eremuko aletxoa jarriz. Erronka handiak ditugu Araban, tokian tokiko berezitasunekin, horregatik ikusten dugu hain garrantzitsua elkar aberastea, erantzun molde eta ereduak partekatzearen bidez.

Azaroaren 18an, Arabar Gazte Euskaltzaleon topaketa Gasteizen

Azaroaren 18an ospatuko da II. Topaketa hau, egun osoko egitarau batekin. Goizean Oihaneder Euskararen Etxean dinamika desberdinak burutuko ditugu, euskararen aldeko borroka indartzeko xedearekin. Eguerdian indar erakusketa bat egingo dugu, horretarako argazki masibo bat ateraz. Elkarrekin bazkalduko dugu Judimendi auzoko Sumendi espazio okupatuan. Artista ezberdinak batuko zaizkigu bertan arratsaldea girotzeko, Ane Gebararen eskutik bakarrizketa, Orbanak taldea, beste sorpresaren bat edo beste...

Sukalde barrutik datorren burrunba kalean entzunaraziko dugu, ez gara ezkutuan geratuko. Zerbait ari da berotzen Araban, izan zaitez su!

*Bazkarian izena emateko watxapa idatzi 650 266 744 zenbakira. Azken eguna: azaroak 13.

  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago