Zurrumurruei aurre, mahaian

Erredakzioa 2017ko aza. 3a, 14:56
Lagun ugari elkartu zituen iaz Bizilagunak ekinaldiak. /Quintas

Aurreiritzi xenofoborik gabeko elkarbizitzaren alde, Bizilagunak ekinaldia ospatuko dute azaroaren 19an; jatorri ezberdineko Arabako hainbat familia elkartuko dira bazkaltzeko, elkar ezagutu eta estereotipoak eraisteko helburuarekin.

Zurrumurru eta iritzi arrazistei aurre egingo diote, laugarren urtez, mahaiaren  inguruan. Bizilagunak ekinaldiari esker, Arabako dozenaka lagun elkartuko dira azaroaren 19an bazkaltzeko, bertako eta jatorri atzerritarreko familiak, izan daitezkeen usteak alde batera utzi eta kultura desberdinen arteko harremanak sendotzeko. Ez utzi nahas zaitzaten goiburu, estereotipo eta aurreiritziak eraitsi nahi dituzte, ekinaldiko sustatzaile eta  CEAR Euskadiko kide Rosabel Argotek gogoratu moduan: "Zurrumurruei aurre egiteko, esperientzia bikaina dela erakutsi dugu azken urteetan. Joan den urteko kopurua gainditu nahi dugu aurten, eta, poliki-poliki, jatorriko desberdineko lagunen arteko harremana josten hasi". 

Aurreko urtean, 30 nazionalitate ezberdin inguru eta 227 familiak Araba harrera lurraldea dela erakutsi zuten, eta hori gainditzea izango dute erronka. Aurten, gainera, kuadrilla berri batek parte hartuko du: Arabako Errioxak. Hala, hilaren 19an bazkari ugari izango dira Gasteiz, Aiaraldea, Lautada eta Mendialdean, etorkin, errefuxiatu eta bertako familien artean;  gauza bera gertatuko da Euskal Herriko, Europako eta munduko beste hainbat etxetan. 

CEAR elkarteak eta Arabako Aldundiak abian jarritako ekinaldiak babes zabala jaso du, gainera, musika alorretik. Green Valley taldeak, ETS taldeko abeslari Iñigo Etxezarretak, La Pulga dantzariak, Virginia de la Casa musikariak, DJ Lorok, Carlos Mena kontratenoreak edo S.A. taldeko Juan abeslariak zabalduko dute mezua lau haizeetara. "Kultura ezberdinen arteko pertsonen elkarbizitza bermatzeko tresna paregabea dela erakutsi digute aurreko urtekoek. Europako muga ezin dugu ireki, baina ireki ditzakegu gure etxeko ateak eta zabaldu dezakegu gure gogoa", esan du Argotek.

 

Bazkari bakoitzean, bi familiaz gain, dinamizatzaile batek parte hartuko du, antolaketan laguntzeko. "Familia kontzeptua, modu zabalean ulertuta, noski: ama bakarrak; emakumez, gizonez edo emakume eta gizonez osatutako bikoteak; pisukideak; bakarrik bizi diren pertsonak, amamak beraien ilobekin; lagun taldeak…", azaldu dute antolatzaileek. Interesa dutenek azaroaren 10era arte izango dute izena emateko aukera, CEAR-en webgunea edota telefonoaren bitartez – 945 26 68 05–.

Lehen aldiz    

Araban herritarren %11, 35.000 lagun, dira jatorri atzerritarrekoak. Diana Idris Nigeriako emakume errefuxiatua da, eta aurten lehenengo aldia izango du bazkarian: "Askok uste dute gure bidaia leku seguru batean gaudenean bukatzen dela, baina ez. Bizitza berri bat zerotik hasten dugu, horrek dakarrenarekin. Horregatik, eskertzekoa da hartzen gaituen gizarteak harrera duina egitea". Bizilagunak bezalako ekimenak elkar ezagutu eta harremanak estutzeko parada onak direla azaldu du, eta harekin bat egin du Blanca Urgell filologo eta Alea-ren kolaboratzaileak: "Bazkari soil bat partekatzetik harago doan ekintza bat da, aurreiritziak hautsi eta gure auzoetan dauden pertsonak ezagutzeko aukera paregabea". 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide