GEU elkarteak 25 urte

Gasteizko euskaldunek GEU elkartearen 25 urteak ospatu dituzte

Esti Lanao eta Saioa Fdz.de Arangiz 2017ko urr. 31a, 09:49

Era berean, Gasteizko Mintzalagunak ekimenaren 10.urteurrena ospatu zuten. Bazkarian, 130 lagun elkartu ziren.

Mende laurdena ez delako egunero betetzen, ospakizun egun polita antolatu zuen larunbaterako Gasteizko GEU elkarteak. Atzo, gaur eta biharko Gasteiz euskalduna bisita gidatuarekin eman zioten hasiera Egin dezagun kale! lelopean egin zuten egitarauari. Euskarak historian zehar izan duen bilakaera aztertu zuten horretan, hiriburuko Alde Zaharrean barrena egin zen ibilbidea baliatuz; hain justu ere, historian zehar hizkuntzak izandako gorabeherak, azken urteetako berreskurapena, egungo ekimenak eta etorkizuneko erronkak jorratu zituzten, GEU elkarteko teknikari Azaitz Unanueren eskutik. 

Jarraian, antzerkiak hartu zuen protagonismoa, eta euskarazko lehen mikro-antzerkien zirkuitua hasi zen. Hiru gune desberdinetan hiru antzezlanen hiruna saio izan ziren. Zehazki, Ortzairen Laburpena, Nisuneren Oingoan Bai! eta Nahia Hualderen Maitemintzen naizen bakoitzean izeneko lanak ikusteko aukera izan zuten bertaratu ziren 60 lagunek. Pintore kaleko Ortzai aretotik, Hedegile kaleko Zas espaziotik eta Aldabe plazatxoko Baratzatik pasa ziren guztiak.

Ondoren, bazkari herrikoia egin zuten Landatxo kiroldegian. Guztira, 130 lagun elkartu ziren, tartean, GEUko bazkideak, Gasteizko mintzalagunak eta urte hauetan elkarteari lotuta egon diren zenbait lagun. GEU elkartearen urteurrena ez ezik, Gasteizko Mintzalagunak ekimenaren 10 urteak ospatu zituzten, eta bazkalostean, mintzapraktika egitasmoan hasieratik egon diren mintzalagun beteranoak omendu zituzten. Bazkariari amaiera emateko, tonbola, musika eta dantza izan ziren.

Bitartean, Landazuri ikastetxean Pupu eta Lore, Haizearen herrira izeneko haurrentzako ikuskizuna izan zen. Saioa amaitzean, kalejira koloretsuan abiatu ziren dozenaka lagun Andre Maria Zuriaren plazaraino, gainontzeko euskaldunekin elkartu, eta elkarrekin Alde Zaharreko kaleak, txarangaren musikaren laguntzaz, girotzeko. Egunari merezi zuen amaiera emateko, Joselu Anaiak taldeak jendetza jarri zuen dantzan Falerina lorategian.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide