Haur eta gazte literaturaren alorrean euskarara egindako itzulpenik hoberenentzako “Vitoria-Gasteiz” sariak Miren Agur Meabe eta Aitor Aranak jasoko dituzte. Hamabi lan aurkeztu dituzte lehenengo kategorian, eta bi bestean.
Haur literaturaren kategorian Miren Agur Meabe izan da irabazlea, Lola Moral eta Sergio Garciaren Alicia et le jeu de l’oie lanaren itzulpenagatik: Alizia eta antzara jokoa. 9.000 euro jasoko ditu. Gazte literaturaren alorrean, Aitor Arana izan da irabazlea, Jordi Sierra i Fabraren “El grito de la mariposa” lanaren itzulpenagatik: Tximeletaren oihua. Sari horrek ere 9.000 euroko saria du.
Epaimahaiaren ustez –Karlos del Olmo Serna, Itziar Diez de Ultzurrun Sagala, Isabel Etxeberria Ramirez, Ramon Etxezarreta Aizpuru eta Usoa Wyssenbach Ibarra– Miren Agur Meaberen kasuan “naturaltasuna eta freskotasuna lortu du testua euskaratzean, ahozkotasun bizi, aberats eta gozagarri batetik edanez“. Aitor Aranaren itzulpenari dagokionez, hala adierazi du epaimahaiak: "Estilo zuzen, biluzi eta lehor batez idatzita dago jatorrizkoa, eta itzulpenak ederki asmatu du ezaugarri horiek euskarara ekartzen“.