Errigora ekimenak udazkeneko kanpaina abian jarri du. Hala, azaroaren 14ra bitartean, Nafarroa hegoaldeko produktuen saskiak eskatzeko epea zabalik izango da. Herrilana da aurtengo kanpainaren lelo nagusia, eta oraingoan berritasun batekin dator: urtero saskiak prestatzeko egiten den herrilana, aurten, kanpainaren erdian kokatu eta hiru egunekoa izango da, azaroaren 2tik 5era, alegia. Egun horietan, umeentzako jarduerak, ekoizleen topaketak eta saskiak prestatzeko hitzorduak antolatuko dira.
Saski txuria eta beltza
Udazkeneko kanpaina honetan, bi saski eskuratu ahal izango dira; saski txuria (zainzuri estra lodiak, orburu-bihotzak, pikillo piper osoak, ardo beltz ekologikoa, ozpin ekologikoa, melokotoia almibarrean, pasta ekologikoa, arroza, teilak, patxaran-pastak, molineritoak, tomatea olioarekin eta pikillo piper mamia) eta saski beltza (zainzuri estra lodiak, orburu-bihotzak, pikillo piper osoak, ardo beltz ekologikoa, ozpin ekologikoa, melokotoia almibarrean , oliba-olio birjina estra, mahats-zuku ekologikoa, potxak, aran-marmelada, almendrak, kardu ekologikoa eta pikillo saltsa). Saski bakoitza 50 euroan eros daiteke.
Errigora, datuetan
Errigora ekimenak Nafarroa hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren produktuei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz. Horretarako, saskiekin lortutako dirua bertako euskalgintzari bultzada ekonomikoa emateko bideratzen dute.
Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainaren 5. edizioa da aurtengoa. Joan den urtekoan 14.000 saski inguru banatu eta 175.000 euro bideratu zen Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara. Aurreko lau edizioak batuta, 600.000 euro baino gehiago bideratu dira zonaldeko euskalgintzako proiektuetara.
Informazio gehiago eta eskaerak egiteko: Errigora