GEU elkarteak 25 urte

Hogeitabosgarrenean ere kale!

Eñaut Iraeta 2017ko urr. 27a, 10:04

Gasteizko mintzalagunen saio bat. / Alea

"Ezagutu gaitzatela, eta horretarako guk GEUk kalera ateratzea baino bide hoberik ez dugu".

Duela hamar urte, Gasteizera iritsi nintzenean, berehala izan nuen GEU Gasteiz aldizkariaren,  Mintzalagunaren edo Gasteizko Irakurle Klubaren berri; baina horien atzean elkarte baten lana zegoela jakin gabe. Zenbait urte beranduago GEU elkartea barrutik ezagutzeko aukera izan nuen eta ikusi nuen bazela bazkide eta langilez osaturiko pertsona talde bat elkarte hura indartu eta biziberritzeko asmo sendoarekin. Orain, elkarteak 25 urte betetzen dituenean, esan daiteke helburu horiek lortu direla, iragana ahaztu gabe baina etorkizunera begira dagoen GEU elkarte sendo eta indartsu baten aurrean baikaude.

Bidea, ordea, ez da samurra izan. 2009 urtea amaitzearekin batera agur esan zigun GEU Gasteiz aldizkariak eta horrekin umezurtz utzi zituen irakurleak baina baita elkartea bera ere, izan ere, ordura arte, aldizkaria zen elkartearen erreferentzia nagusia. 

Egoera horri buelta emateko, pertsona talde batek hartu zuen  ardura, bazkideak, langileak, kolaboratzaileak, guztiek ikusi zuten beharrezkoa zela Gasteizen euskara elkarte indartsu bat eta horretarako lanean hasi ziren. Bazkideekin, eragileekin, erakundeekin harremanak sendotuz alde batetik; proiektu, plan, egitasmo berriak prestatuz bestetik. Lan zikina, ezkutukoa, momentuan bertan emaitza garbirik ematen ez duen horietakoa. 

Fruituak, aldiz, iristen ari dira; Gasteizko Mintzalaguna urtetik urtera jendetsuagoa da eta elkartea elikatu duten ilusioz beteriko pertsona berrien iturri izan da; Hirinet-ek umiltasunez lehenik eta Aleak anbizioz ondoren Gasteiz eta Arabako euskarazko hedabideen arloan zegoen hutsunea bete dute; GEU txosnak, jaietan, Zeledon bera ere euskaraz abesten jarri du; aisialdian, martxan jarritako egitasmoak edo aspalditik ezagun diren kultura emanaldiak, mendi irteerak, etab.

Guztien gainetik, Gasteizko euskaldunen harreman sarea indartzen eginiko lana azpimarratuko nuke. Zenbat pertsona jarri ote ditu harremanetan GEU elkarteak hogeitabost urte hauetan. Jatorri, ohitura eta afizio erabat ezberdinak dituzten pertsonak baina Gasteizen euskaraz bizitzeko asmo bateratua dutenak.

Eta hala ere, nago, badirela Gasteizen milaka pertsona, nik orain hamar urte bezala, hirian euskara elkarte bat dagoenik ere ez dakitenak. Are gehiago, euskara beraien eguneroko bizitzan erabat ezezagun egiten zaiena. Ezagutu gaitzatela horiek ere, hurbildu daitezela, eta horretarako guk GEUk kalera ateratzea baina bide hoberik ez dugu. Beraz, hogeitabosgarrenean ere, egin dezagun kale!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago