Elkarlana. Beste hitz askok ere laburbil dezakete GEU elkarteak egindako 25 urtetako ibilbidea, baina "taldearen indarra" nabarmendu dute GEU elkarteko koordinatzaile Naroa Cuestak eta teknikari Azaitz Unanuek. Hamaika proiektu dituzte esku artean, eta beste hainbeste erronka bidean datozen urteetarako. Euskaldunak "aktibatzeko" lanean, baina, denen konpromisoa beharko dute aurrerantzean ere.
Azken urteetako ibilbidearen zer balorazio egiten duzue?
Naroa Cuesta: Ni duela hamar urte hasi nintzen izaten harremana elkartearekin, eta urte hauetan sekulako lana egin dela uste dut. GEU aldizkaria desagertzeak eragin handia izan zuen geroko ibilbidean; askotan, krisi garai baten ostean berrindartuta atera ohi gara eta hala gertatu dela uste dut. Lan asko egin zen berpiztu eta, era berean, zerbait berria sortzeko. Elkarte modura oso desegituratuta zegoen eta bazkideekin harremana ere oso txikia zen; eta hori da, hain zuzen, elkarteari zentzua ematen diona, atzean jendea izatea, bazkideek eurena sentitzea eta erabakitzeko gaitasuna bermatzea. Hori berpiztuta, proiektu ugari prestatu ahal izan dira, jende desberdinaren elkarlanari esker. Eta ikusi dugu behar hori bazegoela Gasteizen.
Hasierako helburuei eusten die elkarteak?
Azaitz Unanue: Bere garaian sortu zen Gasteizen euskara sustatzeko helburuarekin, eta emaitzak hor daude. Gasteizen euskarak aurrera egiten du, poliki-poliki, baina aurrera, eta uste dut GEU elkartea eta beste hainbatek egiten duten ahaleginaren ondorioz dela hau guztia. Hau ez da hutsetik ateratzen. Euskararekiko jarrera positiboak sustatzen, modu dinamikoan, modu parte-hartzailean, aisialdiarekin lotura daukaten gauzetan... garrantzitsua da, euskararen errealitatea hortik atera behar delako aurrera, hizkuntza batek behar baitu izan harremanetarako tresna bat, eta harremanak zenbaitetan aisiaren inguruan sortzen dira. Uste dut hor GEUk egin duen lana oso garrantzitsua dela. Zenbaitetan lan ixila, baina indartsua eta sendoa.
Ildo horretatik joko du larunbaterako jaiaren leloak: 'Egin dezagun kale'.
N. C: Bakoitzak bere etxean egiten duenak ez du eremu publikoan eta politikoan eragin askorik. Egunerokoa garrantzitsua da, noski, baina uste dut batzuetan kalera atera behar garela eta ozen esan euskaldunak garela. Eta, hori baino gehiago, euskaraz bizi nahi dugula. Horretarako esfortzu bat egingo dugula esan, baina behar eta merezi dugula besteen laguntza eta sostengua ere. Horretarako, kalea hartu behar dugu, ikus gaitzaten. Halako jaien bitartez eta elkarteak dituen proiektu askoren bitartez, hori da indartu nahi duguna.
Euskararen erabilera datuen zer nolako hausnarketa egiten duzue?
A.U: Arabari buruz ari baldin bagara, agian pozteko motiboak baditugu. Gasteizen bertan euskaldunak dira populazioaren erdia, hitz egiteko ahalmen gehiago edo gutxiagorekin. Falta dena da lotuta egotearen beldur horri buelta ematea, ahalduntze prozesu bat eman behar da. Duela 30 urte zerotik hasi ginen ia-ia, eta azken urteetan gorakada nabarmendu den leku bakarretakoa izan da Araba. Euskal Herriko datuak ikusita, halere, badaude kezkatzeko arrazoiak, batez ere arnasguneetan ematen ari den euskararen galeragatik.
Hain zuzen, Mintzalaguna da GEUren proiektu arrakastatsuenetako bat Gasteizen, ezta?
A.U: Aurten, 700 bat pertsona izango dira. Horiek aktibo, baina egitasmoan parte hartu dutenak 3.800 izan dira urte hauetan. Jendearen balantzea beti positiboa da; hala esaten digute ebaluaketetan. Batez ere, gehien baloratzen dutena da lagun berriak egin izana, esparru euskaldunetan txertatu izana eta ondo pasatzea. Hasieran euren helburuak perfil linguistiko bat lortzea edota jariotasuna lortzea dira... eta gero, berriz, beste ondorio batzuk ditu. Markatu egiten du egitasmoak.
Ibilbide oparoa egin dute Gasteizko Irakurle Kluba eta Geurekin Mendira egitasmoek ere.
N.C: Hamaika urte daramate bi proiektu horiek, eta oso ongi funtzionatzen dute. Lagun batzuek interes berezia zuten esparru horietan, literatura eta mendian, eta hori da, nik uste, arrakastaren gakoetako bat. Polita da, hasieratik zeuden lagun horiek jarraitzen dutelako eta eurek kudeatzen dutelako. Eta osagaia erraza eta eraginkorra da: liburuez hitz egiteko edo mendira joateko elkartzea.
GEUren proiektuen artean, ALEAk hiru urte beteko ditu laster. Nolako balorazioa egiten duzue?
N.C: Prozesu baten ondorioa da Alea. Hasieratik GEU elkartean ikusi genuen ezinbestekoa zela Gasteizen, eta ahalko balitz Araban, euskarazko aldizkari bat izatea. Ez genekien zer nolako maiztasunarekin, zer nolako formatuan... inguruko lagun asko gerturatu ziren esanez behar genuena ez zela hilabetekari bat, baizik eta euskal komunitate horrentzat medio bat egunerokotasuna landuko zuena, eta hortik sortu zen Alea. Hiru urteko ibilbide honetan, astekaria astero astero atera da, urtean 44 ale, eta ematen du sortzen duzunetik normala dela, baina zuek badakizue zer den hori aurrera ateratzea. Aurrera begira ere badaude erronka politak eta horiei ekiteko lantaldea gogotsu dago.
Datozen hilabeteetarako zer erronka ditu elkarteak?
A.U: Datorren urtean, euskaldunen aktibazioa eta ahalduntzea bilatuko duen ekimen batekin hasiko gara, Euskal Herri mailan, eta hor hasieratik dago GEU elkartea. Gogoeta prozesua egin genuenean ere ardatz gisa ezarri zen elkartearen helburuen artean, eta hori izango da bai gure eta baita, ziurrenik, euskalgintzaren helburua datozen hilabeteetan.
N.C: Ohitura linguistikoak aldatzea izango da gakoa. Ohitura horiek aldatzea badakigu beti dela zailena, eta beti dela aitzakia, eta horra joko dugu. Ekimen txikiekin ikusi dugu lortu dela aldaketa, eta orain ekimen masibo bat egingo dugu Euskal Herri mailan. Urtebeteko erronka luzea izango da.
A.U: Helburua transbertsala izatea da. Gizarteko sektore guztietara, eremu guztietara eramatea da, ahal badugu aktibazioa modu orokor batean izateko.
Elkarlana aipatu duzue. Nolako harremana duzue Euskal Herri mailako beste elkarteekin?
N.C: GEU elkarteak Topagunearekin –euskara elkarteen federazioa– harremana izan du betidanik, eta egia da azken bost urteetan bertako zuzendaritza batzordean egon direla kideak eta zuzenagoa dela harremana, emankorragoa. Araban euskalgintzaren egoera ez da beste eremuetan bezalakoa, elkarte gutxiago dago, baina badira batzuk eta badugu harremana, batez ere Topagunearen bitartez. Mintzalagunean ere badago nolabaiteko sarea eta badugu harremana. Baina, batez ere, Topagunearen bitartez egiten dugu eta horrek ere argi uzten du haren lana zein beharrezkoa den.
A.U: Elkarlan hori joan-etorrikoa da. Topaguneak ere oso aintzat hartzen du GEU elkartea, batez ere Araban egiten diren proposamenetan, nahiz eta gure esparrua Gasteiz den hainbatetan zabaldu egiten delako lana, eta horretaz ere oso harro sentitzen gara.
Eta agintariekin, nolako hartu-emana du elkarteak?
N.C: Euskalgintzako eragileekin elkartzen gara tarteka, eta zenbaitetan esaten den gauzetako bat da ez ditugula politikariak gehiegi zirikatzen edo oso formalak izan garela euskalgintzakoak. Tira, politikariek GEUrekin harreman ona izan dute azken urteetan, eta uste dut Gasteizko Udalak eta Arabako Diputazioak ere asko baloratzen dutela elkartea. Horren emaitza da gero eta proiektu gehiago sortzen ari direla.
Hogeita bost urte barru nola irudikatzen duzue GEU?
N.C: Tresna desberdinekin, batek daki, baina helburuak berdinak izaten jarraituko dutela uste dut. Eta espero dut elkarlan horretan jarraitzea, hori baita edozein proiekturen arrakastaren gakoa.
A.U: Helburu berdinak baina beste errealitate batetik jardungo dugula uste dut, eta kohesio hizkuntza bezala euskara ardatz izatea, hori garrantzitsua izango da; desberdinen arteko elkarrizketarako euskara izatea ardatz. Hala izatea espero dut.