Zinema aretoetako pantailetan, Power Rangers. Etxeko ordenagailuan –izatekotan–, Windows 95. Irratietan, Maná-ren Cuando los ángeles lloran abestia. Ez da harritzekoa 1995ean GEU elkartekoek haien burua mendira bota izana.
Gustua hartu zioten kontuari, eta hala jarraitu dute, 22 urtez, mendian gora eta mendian behera. Hasierako aitzindari horietako batzuk, gainera, hortxe mantendu dira, txintxo-txintxo. Tartean, Bego Ariznabarreta, Kontxi Sarriugarte eta Kike Corres.
"Lehenengo urteetako argazkiak ikusten badituzu, bertan guraso gazteak eta umeak ere ageri dira. Pentsa bi hamarkada igaro direla. Aipatu dizkizudan hiru lagun horiek dira, hain zuzen, irudietan azaltzen diren guraso gazte horietako batzuk", azaldu du GEU Elkarteko kide Gidor Bilbaok.
Une honetan nahiko talde zaharra dela esan du Bilbaok. "Antolaketa lanetan aritzen garenon batezbestekoa 50-60 urtekoa izango da". Halere, gogotsu ari dira. Bilbaoren aburuz, zabaltasuna da taldearen ezaugarririk nabarmenena. Taldearen antolaketaz arduratzen den lan talde bat egonda ere, ekimen irekia da. "Nahi duena nahi duenean gurekin etor daiteke, inoiz ez dugu zerrenda pasatzen".
Sinpletasuna da beste ezaugarrietako bat. Izan ere, garrantzitsuena da mendira joatea euskaraz ondo pasatzeko. Hortik haragoko guztiak, albora utz daitezke. "Erabaki kontzientea da hori. Ahalik eta burokrazia gutxienarekin aritzen saiatzen gara. Urtean behin bilera bat egiten dugu, denboraldiko irteerak prestatzeko eta irteera bakoitzaren arduraduna zehazteko. Baina, hortik aurrera, kontua bere kabuz doa".
Ekimena zabaltzeko bidea ere ahalik eta modu arinean egiten saiatzen dira. "Aspaldian, ahal genuen moduan egiten genuen, fotokopien bitartez. Azken urteetan, ordea, posta elektronikoaz edota telefono bidezko mezularitzaren bitartez erraz egiten da hori".
Abentura txikia
Beste garai batzuetan autobusak antolatzen zituztela gogoratu du Bilbaok. Orain autoak baliatzen dituzte. Hitzordura bertaratzen direnen artean erabakitzen dute zenbat auto eramango dituzten, eta horietan banatzen dira.
Azken irteeretan 2-5 auto atera direla esan du Bilbaok, 15-20 lagun inguru, denera. Parte-hartzaileen kopuruan, noski, eguraldiak ere badu eragina, eta noizbait auto bakarra abiatu izan da igandeko abentura txikira, oso eguraldi txarra egin duelako.
Txangoan parte hartzeko, ordea, ez da sherpa izan behar. "Nahiko mendi irteera suabeak dira. 10-15 kilometro ingurukoak. Desnibelari dagokionean ere, errazak dira. Asko jota, 600-700 metrokoak". Ibilaldiaren erritmoa parte-hartzaileen arabera moldatzen dute. Inor ez da geldituko atzean.
Egitasmoaren bihotzean dago euskara eta mendia uztartzea. Euskarari eremu berriak zabaltzeko lanean, mendiarekiko zaletasuna aukera ezin hobeagoa baita. Zentzu honetan, azken urteotan Mintzalaguna programaren bitartez lagun asko batu dira. "Horren bidez ekimen hau ezagutu dute. Batzuek bizpahiru aldiz etortzen dira, mintzapraktika egiteko, eta, horietatik, batzuk ekimenera batzen dira. Ibilbidearen erritmoa jendearen ahalmenen arabera moldatzen den modu berean, mintzapraktika egitera doazenen arabera ere euskararen maila doitzen da. "Noski, badira oso ondo mintzo direnak, eta justu-justu dabiltzanak ere".
Urteko plana aldez aurretik finkatuta daukate, eta, normalean, hileko hirugarren igandean izaten dira irteerak. Bilbaok gonbita luzatu du. "Mendizorrotzako frontoien aurrean geratu ohi gara, 8:30etan. Nahi duenak irekita du bidea". Mendia gustuko izatea eta euskaraz egitea baino ez da behar.
Euskal Herriko txoko guztietatik
Mendiz mendi ibili dira GEU Elkarteko kideak azken bi hamarkadetan, baina ez dira mendietara mugatu. Izan ere, mendigoizale gehienek dakite garrantzitsuena ez dagoela tontorrean, bidean baizik. Beraz, Euskal Herriko paisaia miresgarriekin gozatzeko aukera izan dute txangoetan. Tartean, Zumaiako flyscha, Mendixurreko parkea edota Iratiko pagadiak izan dituzte, begi aurrean. Aurten ere buru-belarri ari dira. Pasa den asteburuko txangoan, Tolosan hasi dute bidea eta Uzturre mendira hurbildu dira. Azaroaren 19an egingo duten irteeran, berriz, Araian hasiko dute bidea eta Umandi-Albeitz mendietara hurbilduko dira. Hurrengo hitzorduak Antoñanan eta Gasteizen finkatu dituzte, hurrenez hurren, Soila eta Zaldiaran mendietara joateko. Agerikoa denez, Araban ez ezik, Euskal Herri osoan egiten dituzte txangoak, eta mugan dauden beste eremuetara ere joanak dira, hala nola Burgosera edo Errioxara. "Beti ere, asmoa da egunean joan eta bueltatzeko moduko ibilaldiak egitea", Gidor Bilbaoren hitzetan. Denera, urte bakoitzeko, hamar irteera dira, eta horietako batzuk bereziki familia osoa joateko modukoak dira. Txango hauen guztien inguruko xehetasunak eskuratzeko geurekinmendira@geuelkartea.eus posta elektronikoa erabil daiteke. Bestetik, www.geuelkartea.eus webgunean ere ekimenera eskainitako tartean informazio guztia gaurkotuta aurkituko dute mendira hurbildu nahi dutenek. Bertan daude ere txango bakoitzaren antolaketaz arduratzen den kidearen telefono zenbakia ere. |