Lau aldiz jantzi du Andoni Egañak Euskal Herriko txapela baina, bertsoetatik harago, ertz askotako pertsonaia da: idazlea, zutabegilea, soziolinguistikaren munduan ibilia... Gazte zenean Gasteizen bizi izan zen, eta garai hartako oroitzapen asko ditu gogoan. Euskarari dagokionean, hiria erabat aldatu dela nabarmendu du bertsolariak.
Maiz entzun dugu Amurizaren lehenengo txapel hark nola eragin zizun, baina gutxiago entzun dugu bertsoa lehenengoz nola heldu zitzaizun. Non entzun zenuen aurrenekoz?
Ni zarauztarra naiz, kale kalekoa. Gurasoak eta aitona-amonak, berriz, baserrikoak; pentsatzen dut lehenengo bertsoak etxeko sukaldeko irrati zaharrean entzungo nituela. Bertsolaritzarekin harremana banuen, baina 12 eta 19 urte arteko tartean musika eta literaturarekin harreman handiagoa nuen. 1980ko txapelketan Amuriza entzun nuenean, Errege egun bateko azken oparia izan zen niretzat.
Oholtza gainean hasi zinenean emakume gutxi zeuden, baina azken urteetan emakumeen presentzia askoz handiagoa da. Nola eragin du horrek zure bertsokeran?
Ni hasi nintzen garaian, oholtzetan bi emakume bakarrik ezagutzen nituen. Cristina Mardaraz, Iurretakoa, eta Arantzazu Loidi, Aretxabaletakoa. Orduan, emakumeen presentzia nahiko ertzekoa zen. Presentzia hori apurka handiagotu da, eta, gaur egun, 56 urte dauzkadala, konturatzen naiz auto bidaia gehienetan emakume bat edo bi badirela, eta, batzuetan, gehiengoa dira. Horrek nigan zer pentsa eragin dit, eta uste dut bertsokeran ere egina izan duela. Duela 30 urte esaten genituen kirtenkeriarik ez esaten ahalegintzen gara; ez dugu egin asko findu garelako, baizik eta publikoari jada ez zaiolako umore mota hori gustatzen. Bertsogintzan bertan seguru asko detaileari garrantzi gehiago ematen diogula. Oroitzen naiz Maialen [Lujanbio] gurekin hasi zenean, 15-16 urte zituenean, entzule batzuei entzuten geniela: "jo, neska honek bai". Baina miresten eta onartzen zuten haren balore maskulinoengatik. Izan ere, ondorengo iruzkina honakoa zen: "neska honek potroak zeuzkak". Ikuspegi oker horretatik hasi zen entzulego klasikoa Maialenen presentzia onartzen.
Batez ere Euskal Herriko Txapelketa da bertsolari askok egiten duten etxeko lanen erakusleihoa. Aurtengo txapelketari trazaren bat hartu al diozu?
Nik esango nuke txapelketa nagusi hau "nagusia" dela; zaharra, alegia. Ez du ematen, baina aspaldiko txapelketarik zaharrena da. Amuriza, Lopategi, Enbeita, Lizaso, Murua, Irazu eta ni geunden finala baino batezbesteko zaharragoa dute oraingo erdi finalistek. Gu zahartu gara, eta ematen du besteak beti gazteak direla, baina 34 urteko batezbesteko adina dute final erdietan bukatu behar duten 18 pertsonek. 2001eko finalaren batezbestekoa 27 urte ingurukoa izango zen. Bestalde, interesgarria iruditzen zait txapelketa hau belaunaldi baten azkena izango delako, eta belaunaldi hori hain ona eta hain zabala izan da ezen tapoi efektu dezente egin baituen. Bestetik, emakumeen presentzia nabarmendu behar da. Baina ez da soilik presentzia kontua; txapelketan sailkatu egin dira eta. Parte-hartzaileen herena emakumeak ziren, eta sailkatu direnen erdia dira: hori, estatistikoki, jauzi nabarmena da. Beste alde batetik, txapelketa bertsogintza eta euskara garatu baten isla izango da ere. Bospasei hizkuntz estilo ezberdin neurtuko d0ira bertan. Joritasuna, zertzeladak islatzeko gaitasuna, sintaxirako ingeniaritza, aditz laguntzaileekin dena errimatu beharra, besteren roletan sartzeko abilezia... hor lehiatuko dira gaitasun horiek guztiak.
1980ko hamarkadan Gasteizera etorri zinen. Orduko egoera soziolinguistikoak ez zuen zerikusirik gaur egungoarekin. Nola bizi zenuen Gasteizen euskaldun izatea?
Gasteizera etorri nintzenean, Donostiko bospasei ikaskiderekin pisua konpartitzen nuen: tolosarrak, pasaitarrak… tira, gu beti izan gara pixka bat gure baitara bilduak. Gero, bertsotan hasi eta bertsolariekin ibiltzen hasi nintzen: Rikardo [Gonzalez de Durana], Xabier Rico, Abel Enbeita... Hiri oso erdalduna zela jabetzen nintzen, baina nire zirkuluan zeudenak euskaldunak ziren. Gaur zoragarria da Gasteizera etortzea eta euskara entzutea duela 30 urte nekez entzuten zen bezala.
Hamarkada horretan kultur giro berezia zegoen Gasteizen. Agian euskaraz printza batzuk baino ez ziren, baina bazegoen giro alternatibo bat; adibidez, Zapan eta... horrek begirada aldatu zizun?
Pentsatzen dut baietz. Baina, tira, ni Zarauztik nentorren, ez Ernio mendiko tontorretik! Mugimendu batzuetara ohitua nengoen: musika mota, jende ezberdina ezagutzera... Zapan ere gaueko ordu txikietan denok batzen ginen, errugbi talde bateko zirkulu batean bezala, elkarri bertso puntuak erantzuten. Gero, arnasa hartzeko giro horretatik urruntzen hasi nintzenean, Rikardok esaten zidan: "Andoni, ez dugu ligatu behar, lehenengo bertsotan ondo ikasi behar dugu, eta gero egingo dugu bestea". "Bai zera!", erantzuten nion.
Soziolinguistikan ibilia zara, Kike Amonarriz eta Joxerra Gartziarekin; 2004an euskararen kalitateari buruzko lan bat egin zenuten. Nola ikusten duzu kontua 2017an?
Erlatibotasunez. Ez nuke jakingo esaten edalontzia erdi hutsik ala erdi beteta ote dagoen. Zarauzko errealitatea ezagutzen dut, eta garai horrekin alderatuz, euskara asko egiten da orain. Umeak ginela, ikastolakook bakarrik egiten genuen euskaraz. Kalean, hizkuntza hegemonikoa den lekuetan, jendeak oso erraz jotzen du gehiengoaren alde, baina beste tokitan zailagoa da. Ematen du ez naizela purista, eta, egia esanda, edozein euskara ondo iruditzen zait, baldin eta aintzat hartzen bada nork hitz egiten duen. Euskararen kasuan, kalitatea kantitatearen aldetik datorrela uste dut. Inork ez du nahi euskara batzuek eta gai jakin batzuen inguruan soilik hitz egitea, askok eta gai guztiei buruz hitz egitea baizik. Degradazio prozesu bat izatea normala da. Hori bai, prozesuak eskatzen duena baino gehiago ez genuke degradatu behar. Halere, ez dakit marra gorria non jarri behar den. Filologia ikasi nuen, baina ez naiz filologoa ezta soziolinguista ere. Horretarako, soldatapean diren asko badira Euskal Herrian.
Euskara batuak buelta asko eman du. 1968an borroka bat izan zen euskara batua sortu eta zabaltzeko. Eta borroka hori desagertua zela uste genuenean, printza batzuk ageri dira. Gasteizen behintzat kuriosoa iruditzen zaigu euskalkiak batuaren kontra jartzeko joera hori...
Duela 50 urte euskara baturantz eman zen pausu hori premiazkoa eta osasungarria izan zen. Gaur egun badaukagu aski garapen hizkuntzan nahi duenak batuaz edo dagokion euskalkian aritzeko, eta ez dut ikusten arazo handirik. Batuaz aritzeko une eta tokiak daude, eta baita euskalkietan aritzeko ere. Maila artistikoan, gainera, badago eremu bat non biak oso ongi nahastu daitezkeen. Bertso txapelketa batean Amets Arzallus batek batu samarrean egin dezake, eta gero "begiak zarratu" esan, arazorik gabe. Gaur egun nahiko bidaiatuak gara, guztiok gara pixka bat nonbaitekoak eta guztiz ez inongoak. Euskalki horiek guztiak baliagarri iruditzen zaizkit, ez elkarren kontra jartzeko, alde baizik.
Bertsozaleen artean ezaguna zara, ez agian horrenbeste euskara ez dakitenen artean. Jende asko hurbiltzen al zaizu, bai modu txarrean zein onean, hau edo bestea kantatu izanagatik?
Azken 30 urtean bertsolaritzak ezagupen eta estimu handia dauka. Euskal kulturaren erdigunean dago, ez ertz batean. Mundu erdaldunean, gainera, guk uste baino ezagunagoak gara. 1990ean gauza dezente gertatu ziren: Bertsozale elkartea sortu zen, eta telebistan Hitzetik Hortzera saioa hasi zen. Bestetik, Negu Gorriak-ek Bertso-hop kanta grabatu zuen, Peñagarikanoren eta bion arteko bertso saioa sampler gisa hartuta. Asko igarri zen hori, kalean parrandan ordura arte isilik zeudenak belarria jaten hasi ziren, "batetikan korroska, bestetik herrena" abesten. Fermin Muguruzaren ideia horrek asko lagundu zuen bertsolaritzaren sozializazioan.