Benito Lertxundi izango da Aitzina Folk jaialdian

Erredakzioa 2017ko aza. 30a, 11:36

Irudia: Guaixe

Asteburu honetan, kontzertuak, topaketak eta lantegiak izango dira.

Aurrera darrai Aitzina Folk jaialdiaren bosgarren edizioa.  Azaroaren 25etik hasita, abenduaren 29ra bitartean luzatuko da egitarau oparoa. Besteak beste, Benito Lertxundi (abenduaren 29an) eta Gwennyn abeslari bretoia izango dira Gasteizen.

Aurtengo programak bi berritasun izango ditu. Batetik, jaialdia hasi aurretik, kontzertu berezia eskainiko zutela, urriaren 27an Fantafolk talde italiarraren eskutik. Bestetik, Emakumeak folkean atal berezia sortu dute, ekitaldian emakumeen presentzia handitzeko asmoz, folkean emakume musikari, abeslari eta dantzariek izan duten zeregina azpimarratuz. Horren barruan, Gwennyn abeslari bretoiaren emanaldia, eta lantegiak (Vanesa Muela, Nuala Irish Dancers eta Kukai Dantza) aipatu behar dira.

Datozen hitzorduak, asteburu honetan bertan izango dira. Abenduaren 1ean, esaterako, kontzertua izango da Artiumen. Hurrengo egunean, larunbatean, herri eta folk musika eskolen topaketa egingo dute. Igandean, lantegiak eta musika izango dira.

Elkartasun jaialdia

Aitzina lan taldeak antolatzen du Aitzina Folk jaialdia; 2010ean sortu zuten taldea, Ataxia Telangiektasia duten gaixoei eta haien familiei tokiko ikuspuntu batetik laguntzeko asmoz, eta bi helbururekin;  AT gaitza ikertzeko dirua biltzea eta gaixotasuna ezagutaraztea, eta folk musika eta munduko hainbat lekutako musika tradizionalaren aberastasuna eta askotarikotasuna zabaltzea.

Ataxia telangiektasia (AT) gaixotasun genetiko neurodegeneratiboa da, sendaketarik ez duena eta bi urte bete aurretik agertu ohi dena. Estatuan 30 pertsona inguruk jasaten dute, horien artean EAEko kasu bakarra Gasteizen dago. 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago