Komunikabideetako langileek Kataluniako hedabide publikoei elkartasuna adierazi diete

Erredakzioa 2017ko urr. 26a, 12:30
Hedabideetako langileak Andre Maria Zuriaren plazan elkartu dira.

Arabako komunikabideetako langileak izan dira protestan, tartean, Arabako Alea komunikazio taldekoak.

Komunikabideetako langileek elkartasuna adierazi diete Kataluniako hedabide publikoei, eguerdian Andre Maria Zuriaren plazan egin duten elkarretaratzean. Bertan Arabako komunikabide ezberdinetako langileak izan dira, tartean, Arabako Alea, Berria, Gara, Hala Bedi eta Eitb-koak.

Izan ere, Euskal Herriko komunikabideetako langileek Kataluniako hedabide publikoetako langileek eta Kataluniako Kazetarien Kolegioak zabaldutako agiriarekin bat egin dute, eta besteak beste, "Espainiako Gobernuak, oposizioko beste alderdi batzuen babesarekin eta Konstituzioaren 155. artikuluaren aterkipean, TV3, Catalunya Radio eta ACN zuzenean kontrolatzeko iragarritako asmoak" salatu dituzte. Arabako Alea Komunikazio Taldeko langileek ere agiriarekin bat egin dute. 

Hemen, agiri osoa:

 

Kataluniako hedabide publikoekin elkartasuna

 

"Euskal Herriko komunikabideetako langileok bat egin nahi dugu Kataluniako hedabide publikoetako langile eta ordezkariekin, eta Kataluniako Kazetarien Kolegioak zabaldutako agiria geure egin, Espainiako Gobernuak TV3, Catalunya Radio eta ACNren gainean iragarritako esku hartzea salatzeko.

Hemen bildu garen komunikabideetako langileok, hortaz, geure egiten dugu Kataluniako Kazetarien Kolegioak zabaldutako mezua:

Kataluniako Kazetarien Kolegioak, 4.000 profesional baino gehiago biltzen dituen zuzenbide publikoko elkarteak, irmoki salatu nahi ditu Espainiako Gobernuak, oposizioko beste alderdi batzuen babesarekin eta Konstituzioaren 155. artikuluaren aterkipean, TV3, Catalunya Radio eta ACN zuzenean kontrolatzeko iragarritako asmoak.

Kataluniako Kazetarien Kolegioak uste du Generalitateko gobernuaren jabetzako hedabide publikoetan esku hartzea aurrekaririk gabeko erasoa dela demokraziarentzat eta adierazpen askatasunarentzat, hau da, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean jasota dagoen oinarrizko eskubide batentzat, eta modu onartezin batean jartzen du zalantzan TV3 eta Catalunya Radioren profesionaltasuna. Gainera, bi hedabide horien esku hartzea informazio eskubidearen urratze bat da, hau da, demokraziaren oinarrietako batena, zeren bi hedabide horiek zalantzarik gabeko erreferentzia informatibo bat baitira Kataluniako gizartearentzat. Kazetarien Kolegioak duela aste batzuk ohartarazi zuenez, ez dago egoera bakar bat, oso salbuespenekoa izanik ere, informazio eta adierazpen eskubideetan atzera egitea ekar dezakeena.

Honi dagokionez, ezin da egon informazioaren profesionalen prentsa askatasuna muga dezakeen ezein irizpide, eta Espainiako Gobernuaren esku hartze honek arriskuan jartzen du kazetaritza independentzia, zeina honako hauek arautua den: Kolegioaren Kode Deontologikoak, TV3eko, Catalunya Radioko eta ACNko batzorde profesionalak eta Kataluniako Ikus-entzunezko Hedabideen Korporazioko gobernu organo propioak, zeinak Kataluniako Parlamentuari zor dizkion kontuak.

Une zail hauetan, Kataluniako Kazetarien Kolegioak, zeinak duela bi hamarkada oso lan aktiboa eduki baitzuen hedabide publikoen gainean, aitortu egin nahi du TV3 eta Catalunya Radioko erredakzioen lan profesionala, eta hedabide horietako batzorde profesionalen ondoan jartzen da eskatzeko Kataluniako ordenamendu juridiko propiora itzul daitezen.

Azkenik, Kataluniako Kazetarien Kolegioak deitoratzen du Espainiako Gobernuak Kataluniako autogobernuak sekula pairatutako erasorik zuzenena bultzatu izana, 155. artikuluaren aplikazioaren bidez, zeinak, de facto, Konstituzioak eta Kataluniako Estatutuak babesten duten autonomia baliogabetzen baitu".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide