Iñaki Rikarte: "Oso zaila da pertsona batek bere burua zergatik hil duen jakitea"

Ihintza Elustondo-Urolako Hitza 2017ko urr. 23a, 18:17
Iñaki Rikarte aktore gasteiztarra, 'Soka' lanean. /Alea

Eskola jazarpenaren gaia ardatz duen ‘Soka’ antzezlana ikusi ahal izango da asteazkenean –euskaraz– eta ostegunean –gaztelaniaz–, Gasteizko Principalen, 20:30ean. Iñaki Rikarte da obrako aktore bakarra.

Hasiera gordina bezain latza du Soka antzezlanak (Tanttaka): soinketako irakaslea da Igor, eta 11 urteko mutiko baten gorpua aurkituko du gimnasioko soka batetik urkatuta. Irakasle horren rola jokatuko du Iñaki Rikarte (Gasteiz, 1981) aktoreak.

11 urteko mutiko batek bere burua hil du. Ba al dago jakiterik zergatik gertatu den hori?
Ingurukoek uste dute irakaslearen erruz gertatu dela gertatu dena: hasieran, herritarrek botako diote errua hari; ondoren, lankideek; gero, kuadrillakoek; bere bikoteak ere bai momentu batean… Orokorrean, gizarteak berari botako dio errua, eta apurka-apurka bakarrik geldituko da. Horren aurrean, Igor zer gertatu den aztertzen saiatuko da, berak zenbaterainoko erantzukizuna daukan jakiteko.

Zergatik uste dute ingurukoek Igor dela gertatutakoaren erantzulea?
Julenek [bere burua hil duen mutikoa] idatzitako eguneroko bat aurkituko dute, eta bertan jartzen du Igorrek iraindu egin zuela klase batean. Nolabaiteko pista batzuk agertzen dira, eta jendeak horiekin osatuko du puzzlea. Askotan, gizarteak aurre epaitzeko joera du, eta horretan datza ikuskizuna: erruaren eta erantzukizunaren arteko muga aztertzen edo zehazten saiatzen da. Askotan, gizarteak errudunak behar ditu, horiek zeintzuk diren jakinda, lo askoz hobeto egiten dugulako. Aldiz, erantzukizuna askoz ere desatseginagoa edo deserosoagoa da, gizarte osoaren ardura delako.

Igorrek ere sinetsiko du bere errua izan dela?
Igorrek onartzen du berak erantzukizuna daukala, baina badaki ez dela errudun bakarra. Nor da erruduna? Zergatik gertatu da hau guztia? Askotan, kasu gehienetan, oso gauza konplikatua da pertsona batek bere burua zergatik hil duen jakitea. Askotan ez da gauza konkretu batengatik izaten; detonante bat egon daiteke, baina detonante horren atzean zenbat gauza dauden eta nortzuk daukaten gertatutakoaren erantzukizuna… Baina guk, kanpotik ikusita, epaitu egiten dugu, eta detonantea izan den gertakizun horretan bakarrik jartzen dugu arreta.

Eskola jazarpenaren inguruko hausnarketa bultzatu nahi du obrak.
Bai, baina ez hori bakarrik, ez da eskola jazarpenari buruzko obra bat. Antzezlanak erakusten du gizarteak askotan nola aurre epaitzen dituen gauzak, pertsonak eta egoerak, eta adierazi nahi du hori ez dela batere justua gizartearentzat eta inplikatuentzat.

Obran lantzen den gaia pil-pilean dago egun…
Guztiok ezagutu dugu horrelako kasuren bat. Agian, hain grabea ez, baina guztiok joan gara eskolara noizbait eta guztiok izan gara nolabait horren parte; guztiok izan gara jazarpena eragin dugunak edo pairatu dugunak.

Uste duzu garrantzitsua dela horrelako gai bat mahai gainean jartzea, obra baten bidez?
Noski baietz; batez ere, gaia beste ikuspuntu batetik lantzen denean. Hedabideek normalean erabiltzen duten ikuspuntutik urrundu egiten da obra. Antzerkia horretarako dago, jendeari pentsarazteko eta nolabait errealitatearen aurpegiak osatzeko.

Antzezlaneko aktore bakarra zara. Oholtzan bakarrik egotea erronka bat da zuretzat?
Bakarrik egotea beti da erronka.  Bakarrizketa bat egiten dudan lehen aldia da hau, eta pixka bat gogorra egin zait; batez ere, entseguen prozesua. Emanaldia hasi aurretik eta ondoren izaten dituzun sentipenak inorekin ez partekatzea pixka bat gogorra egiten da. Antzezten duzunean, asko elikatzen zaitu adiskidearen lanak zein presentziak, eta kasu honetan ez daukat halakorik, publikoa bakarrik daukat aurrean.

Hamahiru pertsonaia antzeztuko dituzu obran, ezta?
Antzeztu baino gehiago, iradoki egiten ditut. Gorpuzten dudan pertsonaia bakarra Igorrena da, eta gainontzekoak iradoki egiten ditut, keinu batekin edo ahots aldaketa txiki batekin, baina ez ditut gorpuzten.

Otsailean estreinatu zenuten lana. Zer nolako harrera ari da izaten?
Euskaraz bi emanaldi bakarrik egin ditugu, eta, orain arte, harrera nahikoa ona izan du obrak. Uste dut jendeari interesatzen zaiola gaia, eta publikoak eskertzen duela gauzak beste modu batean kontatzea. Istorio guztiak kontatuta daude, baina ezberdintasuna erabiltzen ditugun xehetasunetan egoten da askotan. Kasu honetan, Mikel Gurreak [testuaren egilea] oso xehetasun zentzudunak aukeratu ditu istorio hau kontatzeko, eta xehetasun horietan ikusten da bere begirada. Nik ez nuen inoiz pentsatu bakarrizketa bat egingo nuenik, baina Mikelen testua irakurrita, argi ikusi nuen nolabaiteko oparia zela istorio hori kontatzeko aukera edukitzea.

Kontatzeko modua da, beraz, obra berezi egiten duena?
Mikel Gurrea zinemagilea da berez, eta nabaritzen zaio istorioak kontatzeko duen artea, askotan, antzerkian faltan sumatzen duguna. Berak oso ondo eraiki du istorioa 22 eszena motzekin, eta oso sintetikoa da antzezlana. Hitz gutxirekin asko iradokitzen du.

*Urola Kostako Hitzan argitaratutako elkarrizketa.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide