LAB sindikatuak epaitegietara jo du, eta maiatzaren 16an Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak (GOFE) argitaratutako agindu foralak bertan behera uztea eskatu du. Agindu horiek zehazten dutenez, data hori baino lehenago GOFEn lan egin ez dutenek ezin dute aldi baterako lanerako zerrendetan parte hartu. Zehazki, azken bost urteotan gutxienez hamar egunetan ongizaterako foru erakundean lan egin dutenek soilik eman dezakete izena zerrendan. Neurri hau, LABen ustez, "diskriminatzaileaz gain ilegala da, gure arautegian jartzen baitu titulua eta nahia duen pertsona orok sartzeko eskubidea duela". Gainera, lan poltsa horiek indarrean ez daudela salatu du sindikatuak, eta hortaz, "biderkatu dira hautagaiak lortzeko arazoak".
GOFEren gerentziari zein diputatu nagusiari baldintza hauek kentzeko eskatzeaz gain, iragan ekainaren 14an berreztertze-errekurtsoa aurkeztu zieten ongizaterako foru erakundean, baina azkenik eskaerari uko egin zioten. Hala, orain, "negoziazio-bide oro agortu ondoren", auzia epaitegietara eramatea erabaki du LABek, eta 22 agindu foralak nulotzat jotzea eskatu du.