Bederatzigarrenez, liburuak trukatzeko azoka hartuko du Gasteizek, datorren larunbat eta igandean, Iradier Arenan. Ekimena hilaren 24an ospatzen den Liburutegien Egunaren harira antolatu du Udalak.
Iaz bezala, bost liburu trukatu ahalko ditu pertsona bakoitzak, eta helduentzako literaturaren alorrean, hiru kategoria egongo dira: 2011ren ondorengo argitalpenak, 2000tik 2010era arteko argitalpenak, eta 1999aren aurreko argitalpenak. Horrez gain, helduentzako zein haurrentzako sailak egongo dira. Trukerako, ez da era hauetako materialik onartuko: aldizkariak, entziklopediak, bideoak, DVD eta CDak, testuliburuak, unibertsitate-liburuak, informatikari buruzko liburuak edo teknikoak, liburu azpimarratu, hautsi edo egoera txarrean daudenak, ale solteak, bidaia-gidak, geografia-liburuak, etab.
Ekintza osagarriak
Trukea sustatzeko, aldi berean, zenbait jarduera antolatu dituzte, hala nola, trukerako 5.000 liburu baino gehiago eramango dituzten antolatzaileek, zuzeneko musika egongo da Taxi! taldearen eskutik, eta umeentzako lantegiak eta ipuin kontalariak izango dira.
Azokak larunbatean zabalduko ditu ateak, 11:00etan, eta igande eguerdira arte egongo da zabalik.