Anabel Arraizaren eskutik, Euskaltzale saioaren atal berrian, sozioekonomia eta euskararen arteko lotura aztertu dute Hamaika Telebistatik.
Bai Euskarari Elkartearen zuzendariak, Rober Gutiérrez-ek, alde zaharra zeharkatu du, Arraizarekin batera, ziurtagiria duten komertzioak identifikatzeko eta entitateen euskalduntze prozesu eta horren balioari buruz hitz egiteko. Zuzendariak azaldu du Bai Euskarari Ziurtagiria euskara sustatzen duten entitateak identifikatzeko tresna bat dela, maila ezberdinak daudelarik.
Egun, Euskal Herria osoan, 1300 ziurtagiri daudela aipatu du, % 20 Nafarrooan. Sektore nagusiena komertzio edo zerbitzu alorrak direla nabarmendu nahi izan du era berean, eta gehitu du industrian lan asko dagoela egiteko. Bukatzeko, Rober Gutiérrez-ek goraipatu nahi izan du errezeta magikorik ez badago ere, elkarlan eta harremanetan dagoela gakoa, guztien arteko elkar-laguntza eta elkar-babesean.
Anabel Arraiza, Nafarroako arlo sozioekonomikoan euskarak duen egoera gertutik ezagutu nahian, beste hainbat pertsonekin elkartu da.
Lehenik eta behin, Hizkuntz Eskubideen Behatokira jo du. Bertan, legearen hutsuneari erreparatu diote; izan ere, hizkuntza legerik ez egoteak ofizialtasun eza eragiten du eta, ondorioz, euskararen erreputazio eta balioa bertan behera gelditzen da jendartean.
Lege babesik ez badago ere, argi gelditu da euskalzaleok proiektu irudimentsuak abian jartzeko gaitasuna badugula. Horren adibidea da Errigora egitasmoa, Nafarroako ekoizleen interesak eta bertan bizi diren asmoak batzen dituen proiektua. Ibai Suesku-k azaldu du Nafarroaren hegoaldean euskararen normalizazioa dutela helburu eta, horretarako, jasotako etekin guztiak euskalgintzara zuzentzen dituzte. Egun, 20 ekoizleren produktuak 12.000 etxera banatzen dituzte, auzolanean, eta horiek ere argi dute elkarlanaren bidez hitzetatik ekintzetara pasatzeko zubiak eraikitzea dela gakoa.
Administrazioaren gaia ere atera da, baliabide eta diru kontuak tartean izanik. Horregatik, Isabel Elizalderekin, Nafar Gobernuko kontseilariarekin elkartu da Anabel Arraiza, gainontzeko protagonisten galdera edo eskaerak argitu nahian. Elizaldek aldez aurreko diagnostikoaren garrantzian zentratu da eta bi puntu azpimarratu ditu euskararen presentzia sustatzeko: alde batetik, balioan jarri euskarak duen ahalmen ekonomikoa; eta, bestetik, elkarlanaren beharra.
Adibide erreal bat ere ezagutu dugu, Tafallako Fagor Ederlanen lan egiten duen Naiara Mondragonen bidez. Enpresak euskara batzorde eta plan bat du, euskara gazteleraren maila berean jartzeko. Motibazioa eta kontzientziazioa dira aurrerapenaren gakoak eta pozik daude pausoak ematen ari direlako.
Prozesu horretan, Emun Aholkularitza Taldea bezalako enpresek baliabide eta laguntza eskaintzen diete enpresei. Joseba Beltzak (Emun) enpresak euskalduntzeko metodologiari buruz aritu da, lau zutabetan oinarritzen dena: araudia, plangintza, baliabideak eta herri gogoa.
Saio interesgarria izan da eta beste gauza batzuen artean, argi dagoena da, euskaraz lan egiteko lan egin behar dugula.
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.