Vithas San Jose ospitaleko langileak, greban

Erredakzioa 2017ko urr. 18a, 17:37

Vithas San Jose ospitaleko langileek greba egin zuten atzo. Irudia: @DavidAlonso1985

Hitzarmena negoziatzeko eskatzen dute langileek. Datozen asteetarako greba deialdiak egin dituzte.

Vithas San Jose ospitale pribatuko langileek 24 orduko greba eguna izan zuten atzo, eta datozen asteotan, protesta gehiago egingo dituztela iragarri dute. Hala, urriaren 25, azaroaren 2an eta 6an ere protesta egunak izatea aurreikusi dute. Guztira, 200 langile inguru daude ospitalean lanean. Langileek salatu dutenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan dauden ospitaleen artean, Gasteizkoa da soldata txikiena daukana: "gainontzeko ospitaleetan baino ordu gehiago sartzen ditugu, eta gutxiago kobratzen dugu".

Egoera honen aurrean, hitzarmen kolektibo duina eskatu dute langileek, eta, era berean, enpresak hori negoziatzeko duen "borondate eza" salatu dute. Azaldu dutenez, abenduaren 31n amaitu zen hitzarmena. Enpresak planteatzen duena soldatak igotzea da, baina enpresaren etekinen araberako igoera.

Horrez gain, lanordu kopurua murriztea eskatu dute langileek. Egun 1.700 lanordu dituzte zehaztuta, ospitale pribatuetako kopururik handienetarikoa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago