Harrera ona izan du 'Errementari' filmak Sitgeseko jaialdian

Erredakzioa 2017ko urr. 16a, 10:44

Paul Urkijo zuzendari arabarraren lehen pelikula Sitgeseko zinema jaialdian aurkeztu dute.

Paul Urkijo zuzendari arabarraren Errementari pelikularen nazioarteko estreinaldia egin dute Sitgeseko Zinema Fantastikoaren Nazioarteko Jaialdian. Alex de la Iglesiak ekoiztutako filmak harrera ona izan du, eta lehendabiziko kritikak onak izan dira. Gainera, bere lehen saria eskuratu du, eta zinemari lotutako online hedabideen elkartearen aipamen berezia jaso du, banatzen dituen Urrezko Blogos sarietan.

Errementari zuzendari arabarraren lehen film luzea da, eta Kandido Uranga eta Eneko Sagardoy aktoreak dira pelikularen protagonistak. Urkijoren lanak Jose Miguel Barandiaranek 1903an idatzitako Patxi Errementaria ipuinean oinarritutakoa da, eta hainbat berezitasun ditu. Batetik, genero fantastikoaren aldeko apustua, eta euskal kutsu folkloriko eta historikoa du. Bestetik, euskara hutsean grabatu da, eta Araban hitz egiten zen euskalkia berreskuratu du. 

Zehazki, XIX. mendean Araban hitz egiten zen euskara da erabili duena. Euskalki hori berreskuratzeko eta ulergarri egiteko, Koldo Zuazo hizkuntzalari eta ikertzailearen laguntza jaso du Urkijok. Arabako euskara liburuaren egileak euskalki horren ibilbide historikoa eta egungo euskararekiko duen aldea aztertu ditu, Gorka Lazkano itzultzailearen laguntzarekin.

Pelikula Arabako zenbait lekutan grabatu da, besteak beste, Korres, Antoñana, Kanpezu eta Miñaon. Bizkaian  eta Gipuzkoan ere filmatu dira zenbat irudi.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide