Herritarrak informatu, dispertsioak sortzen duen sufrimenduaren lekukotasuna eman eta sortu dituen 16 hildako biktimen aitortza bilatzeko egiten duen lanari beste bultzada bat eman nahi dio Etxerat elkarteak. Bide horretan, ekinaldi berri bat aurkeztu du datozen egunetarako.Urriaren 16tik 22ra bitartean Gasteizen, eta urriaren 23tik 28ra bitartean Laudion, dispertsio politikaren alde ezberdinak jasoko dituen erakusketa bat paratuko dute. "Odoluste ekonomikoa, derrigorrez ezarritako arriskuak, larriki gaixo dauden presoengan duen eragina eta dispertsioarengatik hildako biktimak bilduko ditu erakusketak", azaldu dute ohar batean. Gasteizko Probintzia plazan izango da lehenik, eta Laudiko Aldai plazan ostean.
Erakusketarekin batera, aste osoan zehar senide eta lagun ezberdinen lekukotza entzuteko aukera izango da, era zuzenean haiek kontatuko baitute. "Euskal gizartearen parte batek ez du dispertsio politikaren errealitatea eta eragiten dituen ondorioak ezagutzen. Baina errealitatea gordina da: egun, salbuespeneko politika honek sufrimendu asko sortzen jarraitzen du Arabako gizarteko sektore batean".
Etxeratek eginiko agerraldian emandako datuen arabera, Araban, egun, 29 preso politiko eta hamarnaka urte deportatuak daramaten bi pertsona daude. Dispertsio politikak eragiten dituen senideen artean, 38 adin txikiko eta haur daude. "Dispertsioak eta urrunketak herrialde honetan lau hildako eragin ditu: Pilar Arsuaga, Alfonso Isasi, Ruben Garate eta Natividad Junco".