Udalak hiri-baratzeetarako gune berria sortuko du Lakuabizkarrean. Hiru hilabeteko epean egingo dituzte obrak; Viveros Eskalmendi enpresari esleitu diote lana, eta 98.800 euroko aurrekontua izango da lan horretarako. Gaur egun, Olarizu, Urartea eta Zabalganean dira hiri baratzeak eta baratze komunitarioak. “Emaitza onak eta herritarren interesa ikusita, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren sailak Lakuabizkarreko leku hori aukerakoa izan daitekeela uste du. Izan ere, erabili gabeko hainbat lursail daude bertan”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.
Aukeratutako lursailak espazio publikoak ditu lau aldeetatik. Mendebaldetik, Irati kalea (oinezkoentzako esparrua). Hegoaldetik, Ori kalearen paralelo den parkea. Iparraldetik, Andia Mendiaren kalea. Ekialdetik, Getaria kalea (oinezkoentzako esparrua). Pieza laukizuzena da, 9.300 metro koadro dituena.
Erdian 24 x 24 metroko plaza bat utziko da, komunen eta biltegiaren moduluak jartzeko, bai eta mahaiz eta zuhaitzez hornitutako aisialdi gune bat ere. Bide nagusiaren alboetan sei uraska jarriko dira, horietako bi iturriarekin, sei zuhaitz, eta izpiliku zerrendak, lekuak banatzeko. Halaber, komunak, aldagelak eta biltegiak bi modulu prefabrikatutan egokituko dira.