Asparreneko udalbatzak Gasteizko Udal Gobernuak Jundizeko tratamendu mekaniko biologikorako instalazioan hondakinak isurtzeagatiko tasaren % 20ko igoera bertan behera utz dezan eskatu zuen atzo, mozio baten bitartez.
Horren harira, honakoa salatu zuen Asparreneko alkate Txelo Auzmendik: "EAJren Gasteizko Udal Gobernuak, alderdi popularraren laguntzarekin, Gasteizko Udalaren diru-kutxan diru gehiago sartzea lortu nahi dute lurraldeko gainerako arabarren kontura; baina erabat bidegabea da hori, bi alderdi horiek zerga politika erregresibo bat proposatzen ari baitira euren udalerrian; esaterako, enpresei zerga-onurak eman nahi dizkiete, Ekonomia Jardueren gaineko Zergan hobariak aplikatuta".
Gasteizko Udal Gobernuaren jarrera kritikatzearekin batera, erabaki horren aurrean, Arabako Diputazioak duen "jarrera pasiboa" ere kritikatu zuen: "Arabako gainerako Kuadrillak babesgabetasun-egoeran geratu dira beste behin ere".
Asparreneko Udala izan da tasa horren igoera salatzen lehena; bada, EH Bilduk jakinarazi du eztabaida lurraldeko udaletara eramateko asmoa duela.