Azken hilketa matxista gaitzetsi dute dozenaka lagunek

Erredakzioa 2017ko urr. 6a, 15:13

Ana Belen Jimenez gasteiztarra omentzeko eta indarkeria matxista salatzeko elkartu dira Andre Maria Zuriaren plazan. 

Dozenaka lagun elkartu dira Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, indarkeria matxistaren azken biktima omentzeko. Ana Belen Jimenezen senide eta lagunak bertan izan dira, eta hurbildu diren gasteiztarren elkartasuna jaso dute. Ekitaldian, kandelak eta biktimaren argazkiak jarri dituzte Andre Maria Zuriaren monumentuan, eta mugimendu feministako kideek indarkeria matxista salatzen duen testua irakurri dute. 

Bikotekide ohia atxilotuta

Asteartean agertu zen Ana Belen Jimenezen gorpua Miranda de Ebron aparkatuta zegoen auto batean, indarkeria zantzuekin. Arratsaldean atxilotu zuten haren bikotekidea, Gasteizen, lantokian. Gasteizkoa zen sortzez, baina Lantaronen bizi zen Jimenez, eta Ribabellosan lan egiten zuen. 15 eta 18 urteko seme-alaba bi zituen. Emakumea senarrarengandik banatzeko prozesuan zegoen.

Miranda de Ebroko 1. Instrukzio Epaitegia ari da hilketa ikertzen. EFE berri agentziaren arabera, ustezko hiltzaileak ez zuen genero indarkeriari lotutako salaketarik. Epaileak auzia sekretupean dauka. Poliziak hainbat hipotesi ditu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago