Txakurtegia berritzeko lanak geldirik, Aldundiaren zorra dela eta

Erredakzioa 2017ko urr. 3a, 20:00

Aldundiak Udalarekin duen zorrak eragin du obra geldirik egotea. Orain arte, txakurtegia alokatzeagatik zor duenaren %40 bakarrik ordaindu du.

Irabazi alderdiko zinegotzi Oscar Fernandezek Animalien Babeserako Zentroaren berrikuntza eten egin dutela salatu du, eta arrazoi nagusitzat, Aldundiak Udalarekin duen zorra ordaindu gabe dagoela jo du. Izan ere, Udalaren jabetzakoa den txakurtegia alokatzeagatik, Aldundiak zor duenaren erdia baino gutxiago ordaindu du, eta hortaz, obrak egiteko proiektuak ez du aurrera egin. Hala azaldu du Osasun Publikoko zinegotzi Peio Lopez de Munainek, Irabaziko zinegotziaren galderari erantzunez. 

Lopez de Munainek, ordea, bestelako arrazoi bati egotzi dio obraren geldiunea: "Gasteiz osorako edo lurralde guztiarentzako zerbitzua izango duen erabakitzen ari gara. Berrikuntzak ezin du jarraitu ez badakigu nori zuzenduko zaion zerbitzua". 

Berrikuntza proiektua 2015eko azaroan geldituta geratu zen, eta geroztik, animalia gehiagorentzako babesa baldintzatuta geratu da. Izan ere, Armentiako zentroan gero eta animalia gehiago dago, eta haren egitura zahartuta geratu da. Horren ondorioz, zaila da hainbeste maskota babes baldintza onenetan hartzea.

Aldundiaren zorra

Txakurtegiak lurralde osoko udalen ardura bada ere, Arabako kasuan, horietako askok ez dute bat izateko gaitasunik. Hori dela eta, Armentiako babes zentroa erabiltzen dute, eta alokairuaren truke Aldundiak diru kantitate zehatz bat ordaindu behar du. 

Irabazik onartutako mozio bat aurkeztu zuen ekainean. Hala ere, Aldundiak irailaren 30era arte zuen zorra kitatzeko epea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago