Ana Belen Jimenez gasteiztarraren hilketa matxista salatu dute Gasteizen eta Ribabellosan. Asteazken goizean, elkarretaratze isilak egin dituzte Gasteizko udaletxean eta Ribabellosako plazan, eta Gasteizko Udalak zein Aldundiak indarkeria matxistaren kontrako gaitzespena adierazi dute. Era berean, biktimaren seme-alabei, familiari eta gertukoei sostengua eta hurbiltasuna helarazi diete. Horrez gain, hiriko erakunde, elkarte eta kolektiboek egiten dituzten gaitzespen-ekitaldiekin bat egingo duela adierazi dute.
Arratsaldean, esaterako, Miranda Ebron Mujeres en la Calle talde feministak elkarretaratzera deitu du La Estación kalean, 20:00etan. Gaur, Emakumeen Mundu Martxak manifestazioak deitu ditu Euskal Herriko hiriburuetan. Gasteizen, Andre Maria Zuritik abiatuko da, 20:00etan. Mobilizazioa kandelekin batera laguntzea eskatu dute. Halaber, Lantarongo Udalak kontzentraziora deitu du, 19:00etan, udaletxearen aurrean.
Bikotekide ohia, atxilotuta
Asteartean agertu zen emakumearen gorpua Miranda de Ebron aparkatuta zegoen auto batean, indarkeria zantzuekin. Arratsaldean atxilotu zuten haren bikotekidea, Gasteizen, lantokian. Gasteizkoa zen sortzez, baina Lantaronen bizi zen Jimenez, eta Ribabellosan lan egiten zuen. 15 eta 18 urteko seme-alaba bi zituen. Emakumea senarrarengandik banatzeko prozesuan zegoen.
Miranda de Ebroko 1. Instrukzio Epaitegia ari da hilketa ikertzen. EFE berri agentziaren arabera, ustezko hiltzaileak ez zuen genero indarkeriari lotutako salaketarik. Epaileak auzia sekretupean dauka. Poliziak hainbat hipotesi ditu.