Azken asteotan, Ertzaintzak "senide faltsua" izeneko iruzurraren kasuak atzeman ditu Arabako zenbait herritan. Biktimak adineko pertsonak izan ohi dira, eta ekainetik abuztura bitartean, hamar kasu detektatu dituzte; horietako lau izan dira, eta iruzurgileek ia 17.000 euro lortu dituzte, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Kasu gehienak abuztuan gertatu ziren.
Iruzurra egiteko, pertsona batek, lehenengo aldiz deitzen duenean, galderak egiten dizkio biktimari, normalean adineko pertsona bati, Latinoamerikan senitartekorik ba ote duen jakiteko. Handik egun batzuetara berriz deitzen du, eta bere burua Hegoamerikako senitartekotzat edo adiskidetzat aurkeztu ondoren, arazo batengatik aireportuan atera ezinik dagoela edo trafiko istripu bat izan duela esaten dio. Istorioak sinesgarritasun handiagoa izateko, biktimarekin edo bere inguruarekin zerikusia duten hainbat datu ematen dizkio. Ondoren, delitugileak dirua uzteko eskatzen dio biktimari, "isuna ordaintzeko", "autoa konpontzeko" edo halako zerbaitetarako behar duela esanez. Dirua transferentzia baten bidez bidali behar diola esaten dio senide faltsuak biktimari.
Hartzailea, orain arte, beti izan da pertsona ezberdin bat, Ertzaintzak jakin ahal izan duenez. Gehienetan, destino-kontua Mexikon egoten da, ia beti Jaliscon. Deiak Brasildik, Filipinetatik, Japoniatik edo Frantziatik egin ohi dira, deitzailearen telefono-zenbakien aurrezenbakien arabera.
Era horretako dei bat jasotzen denean kasurik ez egitea, eta, ahal izanez gero, zein zenbakitatik deitu den jasotzea eta salaketa jartzea gomendatu du Ertzaintzak. Komeni da bereziki adinekoak jakinaren gainean jartzea, iruzurgileen biktima nagusiak baitira.