Azaroaren 26rako hauteskundeak deitu dituzte Arabako kontzejuetako errejidore eta kideak aukeratzeko. Gobernuen Kontseiluak gaur onartu du deialdia, eta azaroaren 26an 333 kontzejutako 30.000 arabar botoa ematera deitu dituzte. Honakoak Arabako herrietako administrazio batzarrak aukeratzeko egiten diren seigarren hausteskundeak izango dira, 1984an foru araua onartu zenetik.
Zer dira kontzejuak?
Kontzejuak lurralde izaera duten toki erakundeak dira, nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna dituztenak, eta autonomia osoa beren interesak eta beren eskumenen bitartez herritarren interesak kudeatzeko. Bi kontzeju mota daude: irekiak, gobernua auzoko adindun guztien batzarrez egiten denean, herriko biztanleria ez denean nahikoa batzar bidez arautzeko; eta itxiak: lau urterik behin zerrenda ireki bidez egiten diren hauteskundeetan hautatutako auzokoen batzarra denean, pertsona kopuru jakin batek osatua kontzejuaren biztanleriaren arabera eta gehienez ere bere udaleko zinegotzi kopuru bera.
Hauteskundeetan, errejidore bat eta bi kide hautatzen dira gutxienez, 200 biztanleko kide bat gehiago gehituta, kontzejuak 400 biztanle baino gehiago baldin badauka. Gehienez ere, kontzejua sartuta dagoen udalak dituen zinegotzi kopuru bera izango du.
Ez dago datarik finkatuta jakiteko kontzejuak noiz sortu ziren, baina kontzejuetako artxiboetan dagoen artxibo batek dio XIII. mendetik bazela Gobernu Oneko Kodea.
Botoa emateko kanpaina
Arabako kontzejuak aukeratzeko haustekundeetan parte hartzea sustatzeko, Aldundiak kanpaina bat abian jarriko du, auzokoak animatzeko botoa eman dezaten. Gainera, landa eremuko emakumeek hautagaitzak aurkez ditzaten sustatuko du ere. Egun, 333 administrazio batzarretatik 94 daude emakume batek zuzenduta.