GAUR8n argitaratua
Behin hizkuntza ohitura bat hartzen denean aldatzea hagitz zaila izaten da. Edo ezinezkoa. Zenbat aldiz aditu ote dugun hori… Baina Eusle metodologiarekin egindako esperientzien emaitzek bertze zerbait erakusten dute, argi eta garbi: baldintza egokietan, posible da gaztelaniaz mintzatzen ziren lankideak euskarara pasatzea.
Bi hilabeteko esperientzia labur eta sinplea izan arren, nabarmena da Eusle metodologiak duen eragina. Hori erakusten dute hamahiru lantokitako testigantzek. Batez beste euskararen erabileran 15,3 puntuko igoera neurtu dute ariketa bukatu eta berehala (%60,8tik %76,1era igaro dira). Hiru hilabeteko atsedenaldiaren ondotik, nahiz eta pixka bat jaitsi, 10,6ko gorakadari eutsi diote. Ohitura aldaketa dezente finkatu da, hortaz. Gainera, lankide guztiek egiten dute euskara gehiago, bai aitzinetik nolabaiteko ohitura zutenek eta bai euskaraz hagitz gutxi edo batere solastatzen ez zirenek.
Aldahitz proiektuaren tresna nagusia da Eusle metodologia. Hizkuntza ohituren aldaketak nola gertatzen diren aztertzen duen ikerketa-ekintza da Aldahitz. Erdaratik euskarara aldatzeko prozesuak nola erraztu ikertzen du. Pello Jauregi EHUko irakasleak zuzentzen du, eta Pablo Suberbiola Soziolinguistika Klusterreko ikerlari-teknikariak koordinatu. Azken horrek bere bulegoan hartu du GAUR8, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean, egiten ari diren lana azaltzeko.
Aldaketarako gakoak
Duela zazpi urte abiatu zen egitasmoa, kezka batetik: posible da erdaraz solasean hasi den bikote bat euskarara pasatzea? Halako bikoteak aurkitu eta aztertu zituzten, eta aldaketa errazteko ekarpenik egiterik bazuten galdetu zioten beren buruari. Hurrengo pausoa lantokietan eman zuten, erdaraz hasi eta euskaraz mintzatzera igaro diren lankideak topatuz eta hori nola egin duten ikertuz.
EHU eta Soziolinguistika Klusterraz gain, bertze sei kide ditu Aldahitzek: Ahize-AEK, Artez, Elhuyar, Emun, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lakuako Gobernua. Sare horrek premia zehatzak plazaratzeko eta kasuak topatzeko balio izan die.
Kasu horiek aztertuz, aldaketarako gako batzuk identifikatu zituzten. Adibidez: hurbileko lankide bat egoten zen beti euskaraz mintzatzen zena eta bere hizkera egokitzen zuena jakinda lagunak ez zuela ongi ulertzen. Hori konfiantza giroan gertatzen zenez, hanka sartzea, ikastea eta eguneroko praktikak aldatzea posible zen.
«Goazen saiatzera halako harremanak artifizialki bultzatzen. Goazen metodologia bat diseinatzera baldintza egokiak sortzeko», erabaki zuten. 2012an jaio zen Eusle eta 2013tik 2016ra hamahiru lantoki publiko eta pribatu aldatu ditu. Tresnak bizi-bizi segitzen du eta esperientzia gehiago izanen dira. Bi liburu kaleratu dituzte metodologia azalduz eta datu eta testigantzak emanez, bat 2015ean eta bigarrena aurten. Horiek baliatuz, batzuek tresna beren kasa aplikatu eta beren bertsioak sortu dituzte.
Baldintza eta arauak
Zenbat eta bertsio eta esperientzia gehiago, hobeki da Pablo Suberbiolarentzat, baina zorrotza da Eusle metodologia zer den eta zer ez azaltzean. Liburuetan kaleratutako emaitzak metodologia honenak dira. Eskatzen dituen baldintza eta arauak bete dituzten lantokietakoak. Euslen parte hartuko duten lantaldeek 10 eta 30 lagun bitarte izan behar dituzte eta denek ulertu behar dute euskara. Gainera, sail naturala behar du, egunero maiz egoten diren kideez osatua. Hauek beren borondatez eta erabakiz parte hartu behar dute.
Astero-astero galdetuko diete lankide guztiei dinamikarekin segitu nahi duten ala ez. Ez badaude gustura, edozein unetan utz dezakete. Horrek konfiantza ematen diela dio Suberbiolak. Hogei laguneko taldea bada, aitzinera jarraitzeko gutxienez hamabostek nahi izan behar dute. «Aldekotasun handiko talde bat bilatzen dugu. Ez bada hala, ez gara konbentzitzen saiatzen. Hotzak gara horretan, hoztasunak batzuetan eragin oso onak dituela uste dugulako. Gaia beraien mahaira eramaten du: beren lantokia da, beren egoera eta esperientzia, onerako eta txarrerako. Hori indartzea ona da; bestela soilik euskara teknikariaren ardura dela dirudi. Eta denena da».
Euslea
Euslearen figura da dena mugitzen duena. Esperientziak irauten duen bi hilabeteetan taldea osatzen duten kide guztiekin euskaraz egiteko konpromisoa hartzen du Eusleak, idatziz zein ahoz, baina bereziki ahozkoari ematen diote garrantzia metodologian. Bost lankideko eusle bat, hori da proportzioa. Taldekideek aukeratzen dituzte eusleak, euskaraz erraz moldatzen diren lagunen artean. Eusleak ez direnek ere hartzen dute ardura bat: erdaraz egiteko ez eskatzea.
Azken batean, metodo hau erabiltzen du lantalde batek bere burua euskaraz egitera behartzeko. Lurrikara txiki bat sortzen da eta eragina lantalde osora zabaltzen da, baita ondoko sailetara ere, hauek zerbait mugitu dela ikusten baitute.
Lankideen arteko euskararen erabileraren hiru neurketa egiten dira: lehena dinamika hastan, bigarrena bukatzean, eta azkena hiru hilabeteko atsedenaren ondotik, ohitura berriak zenbat finkatu diren jakiteko.
Zerk egiten du zilegi aldatzea?
Aipatu dugu jendeak liburuak irakurri eta Eusleren bere bertsioak sortu dituela. Irakasle batzuek ikastetxeetan aplikatu dute. Pablo Suberbiolak agertu du Eusle lantokietarako diseinatuta dagoela eta sinplea izan arren gogoeta aunitz dagoela gibelean. Erantsi du hasita daudela metodologia honen egokitzapen bat sortzen hezkuntza mundurako.
«Eusle metodologiak balio du aitzakia bat emateko erdaraz egiten nionari euskaraz egiteko. Zentzua ematen dio eta posible egiten du. Aukera ematen dio jokaera berri bati. Bestela zer dela-eta aldatu? Zerk egiten du zilegi?». Soziolinguistika Klusterreko ikerlariak dio halako galderak direla interesgarriak, eta ez mantra bat bezala aditzen dugun «ezagutzak aurrera egiten du, baina erabilerak ez neurri berean» errepikatzea. Eusle aitzakia da. «Egoera zehatz batean nolako aldaketek egiten dute posible nik zuri euskaraz egitea irrigarri sentitu gabe?». Halako planteamenduetara eramaten gaitu Euslek. Txip aldaketa inportantea da.
«Batera joango gara»
Taldearen babesa ere ematen du, ikuspegi kolektibotik egiten delako, «batera joango gara», erabakitzen dute lankideek. Kontent dira tresnaren sortzaileak zein probatu duten langileak. Asmo batekin sortu zen eta betetzen du: hala erabakitzen duen jendeari euskaraz egitea errazten dio. Bitxikeria gisa, lantoki batean hain gustura zeuden lortutako hobekuntzekin ez zutela atseden hartu nahi izan. Bestalde, galestar ikerlari bat jarraitzaile bihurtu zaie eta tesia egiten ari da Euslerekin.
Suberbiolak adierazi du badutela hipotesi bat: harreman sakonetan gehiago kostatzen da hizkuntza ohiturak aldatzea, jokoan dagoena aunitz delako. Alde horretatik, lan mundua abiapuntu ona da, hain sakonak ez diren erlazioetatik hasteko.
Ulerrizketa eta Uler-saioak
Euslez gain, bertze bi metodologia prestatzen ari dira Aldahitz proiektuan: Ulerrizketa eta Uler-saioak. Hauek ere lan mundurako dira. Hirurekin sistema oso bat eskaintzea da asmoa. Urte amaierarako txosten bana argitaratuko dute Ulerrizketa eta Uler-saioak metodologiekin eta 2018an aplikatzeko moduan egonen dira.
Eusle erabili ezin den kasuetarako dira biak. Ulerrizketan, lankide bat dagoenean euskara gaitasun baxuagoa duena inguruko lau lagunek konpromisoa hartzen dute hari euskaraz egiteko ulertzeko moduan. Uler-saioei dagokienez, euskaraz ez dakiten edo hagitz gutxi dakiten bizpahiru lankide daudenean aplika daitezke. Oinarrizko mailara iristeko metodo bat eskaintzen diete.
Ondoko orrialdeetan Eusle esperientzia bizitu duten bi lantalderen testigantzak bildu ditugu, Oñati eta Iurretako udaletakoak.
Paskual Elustondo
Xabier Zabaleta
«Taldea naturala denean eta konpromisoa hartzen duenean, ederki doa ariketa»
Oñatiko Udaleko hamabost langilek aplikatu zuten Eusle metodologia, 2015eko udazkenean. Udaletxeko lehen solairuan, elkarren ondoan dauden eta harremana duten Idazkaritza eta Kontu-hartzailetza sailetakoak ziren.
«Zuek asko hitz egiten duzue euskaraz», erraten diete kanpotik. Egia da. Denek dakite, ez dago arazorik edonorekin mintzatzeko, eta hala lan egiten dute, baina barreneko harremanetan gaztelaniara pasatzeko dezenteko joera zegoen eta hori aldatzeko esku hartzea erabaki zuten.
«Euskararen inguruko erabaki batzuk hartuak ditu Udalak, euskara tresna izateko ahal den guztian. Eta ahal den guztia asko da. Erabaki politikoak zure jarduerara eraman behar dituzu», esplikatu du Paskual Elustondo kontu-hartzaileak. Udal hau batez bestekoa baino euskaldunagoa da, baita Gipuzkoa mailan ere. «Langile mordoxkatxo bat naturalki euskaraz aritzen gara, ez dakien herritarren bat etortzen zaigunean kenduta. Baina ahal den guztia, 0, ez da lortzen».
Erdararako joera dutenak eusle
Paskual eusle naturala da. «Denekin euskaraz egiten dut beti eta denak euskaraz zuzentzen zaizkit». Hortaz, metodologiak ez dio pertsonalki eragin; kideengan ikusi ditu aldaketak. Eusle naturalaz gain, programatua ere izan da, baina, zinez, konpromisoa gaztelaniarako joera zutenek hartzea nahi izaten zuten, bertzela ez zelako alderik sumatzen. «Beraientzat bai zen esfortzu kontziente bat. Ingurukoek ikusten zuten ahalegin hori eta lagundu behar zitzaiela. Orduan nabaritzen zen asko».
Programa martxan jarri, eta lehen unetik handitu zen euskararen erabilera, jendearen kontzientziak eraginda. Gero, etenaldia egin zuten ikusteko ea metodologia efektiboa zen euslerik ez zegoenean.
«Nabaritzen zen euslea zegoenean euskarak leku gehiago zuela bai lan kontuetan eta bai kontu informaletan ere. Programa lagatzean jaitsi egin zen, baina ez hasierako mailara». Kontu-hartzailearen ondorioa hau da: «Eusle metodologiak laguntzen du, funtzionatzen du, baina ez du lortzen joera erabat aldatzea. Gauza gehiago egin behar dira. Pauso oso garrantzitsua litzateke euskaraz hitz egin ez baina ulertzen dutenek esango balute: ‘Háblame en euskara’».
Gainontzeko sailetara zabaldu
Oñatiko Udalean esperientzia gehiago ere egin dituzte euskara bultzatzeko, Urrezko Bikain ziurtagiria lortzea tartean. Xabier Zabaleta euskara teknikaria da eta, lankideak bezala, gustura gelditu zen Euslerekin. Halere, arazo batzuk ikusten zituen. Adibidez, hamabost laguneko talde honek euskaraz gehiago egiten zuen, baina zer gertatzen zen bertze sailekin? Bertze sailetako langileekin ere erlazioa zutenez, berriro agertzen zen gaztelaniarako joera.
Hortaz, gainontzeko udal langileekin ere antzeko esperientzia bat abiatu zuten. 32 langilerengana zabaldu zen eta gorabehera gehixeago izan ziren. Eusleren baldintzetako bat da taldekideen %80ak izan behar duela parte hartzeko borondatea eta justu samar ibili ziren, «ez kontra zeudelako, beharrik ikusten ez zutelako baizik».
Zabaletak dioenez, programa honek taldea egotea eskatzen du. «Norbere erabakiek indarra izateko taldea behar dute atzean. Talde hori naturala denean eta konpromisoa hartzen duenean, oso ondo funtzionatzen du. Aldiz, taldea gehiago zabaltzen bada, ez bada hain trinkoa, gehiago kostatzen da», adierazi du. Halere, ariketa ona izan da. «Kontzientzia hartzeko balio izan du»
Izaskun Izurieta
«Euskaraz segitu behar duzula barneratzen duzu eusle zarenean»
Elhuyar Aholkularitzak egin zien eskaintza. Euskararen erabilera planak, proiektuak eta herritarren batzarrak bideratzen laguntzen die honek. «Gustatu zitzaigun eta horregatik animatu ginen. Ez genuen momentu batean ere kezkarik izan. Beldur bakarra zen jendeak eusle izan nahi ez izatea, baina ez da egon arazorik», adierazi digu Izaskun Izurieta Iurretako Udaleko langileak.
«Hainbat bulego ditugu eta ez gaude langile guztiak elkarrekin. Horrek baldintzatu gintuen. Orduan, 11 lankidek parte hartu genuen borondatezko ekintza honetan, harreman handia daukagun bi sailetako kide guztiok: Gobernazio saila eta Kontu-hartzailetza».
2015-2016 epealdirako aurkeztu zieten programa; otsail batean hasi ziren eta azkeneko emaitzak irailean jaso zituzten. «Lehenengo txanda lau aste izan ziren jarraian jarduera hau egiten; gero, hiru astetan euslerik gabe egon ginen; ondotik, berriro aritu ginen bi astez, hiru asteko atsedena hartu genuen eta beste bi astetan berriro martxan egon zen jarduera. Azkenik emaitzak jaso genituen».
«Oso pozik eta harro gaude»
Balorazio ona egin zuten bukatu zenean: «Lehenengo eta behin, jendea animatu egin zen borondatezko lan honetan. Guztira zortzi astetan egon zen ekintza martxan eta oso emaitza positiboak ikusi genituen. Hasieran, gure euskararen erabilera maila %78koa zen. Hiru astetako atsedenaldiaren ondoren %84ra igo zen eta azkenengo fasea amaituta %81ean finkatu zen. Oso pozik eta harro gaude. Hau udal euskalduna da, baina nabaritu genuen esfortzu batekin gehitxoago egin ahal dela».
Eusle metodologian, kide guztiek euskara ulertu behar dute. Hori da baldintza bat. Bestalde, taldea ados egon behar da parte hartzeko, %80a gutxienez, eta hemen 0a egon zen prest.
Izurietaren iritziz, «konstantzia» garrantzitsua da hizkuntza ohiturak aldatzeko. «Hemen, harremanak urte askotakoak dira. Nahiz eta lan esparru batean egon, duela hogei urte hasi baduzu harreman bat pertsona batekin erdaraz, hori egun batetik bestera edo zortzi astetan aldatzea oso gaitza da, joera hori delako. Baina konturatu ginen eragin ahal duela, agian harreman pertsonalean ez baina lanekoan bai. Eta zelan konpromisoa zen bai idatziz bai berbaz eusleak beti euskaraz erantzungo zuela, pertsona batzuetan bai igarri zela aldaketa, asko gainera».
Izaskunek berak ez zuen inorekin gaztelaniaz egiteko ohiturarik. «Borondate onez eusle izateko pertsonarik euskaldunenak aukeratu genituen eta behin programa bukatutakoan konturatu ginen beharbada eusleak ez dutela izan behar euskaraz aritzea hain finkatuta edo barneratuta duten pertsonak. Eusle izendatzen zaituztenean baduzu aukera ezetz esateko, baina bai pentsatzen dut eraginkorragoa izango litzatekeela eusleak horrenbesteko ohiturarik ez baleuka euskaraz hitz egiteko edo idazteko». Irudipen hori izan zuten Iurretan, Oñatin bezalaxe.
Oñatiko Paskual bezala, eusle izan zen Izaskun. «Hemen bagaude pertsona batzuk berez eusleak garenak, baina eusle izendatzeak esaten dizu adiago egon behar duzula. Elkarrizketa batzuk erdaraz badoaz erdaraz egin zenezake agian, eta, eusle izatean, barneratzen duzu gehiago euskaran mantendu behar duzula. Gainera, inork ezin dizu exijitu erdaraz erantzuteko. Halako konpromisoak inportanteak dira».
«Kontuz, erdaraz zabiltza!»
Taldearen babesa aunitz sentitzen da. Kontzientzia ere bai. «Badakizu aste horietan programara gaudela zuzenduta. Ez du lanik ematen. Bost minutuko fitxa bete behar duzu astean behin. Ez da ezer. Baina bai barneratzen duzu esperientzia berri batean zaudela. Nik hori nabaritu nuen lankideengan. ‘E, kontuz, erdaraz egiten zabiltza!’ esaten zion batek besteari».
Beren artean erdaraz egiten zuten banaka batzuek arraro sentitu gabe euskaraz mintzatzeko ohitura hartzea lortu dute. Esperientzia bukatu eta hala segitzen dute. «Bat bada ere inportantea da, kosta egiten delako aldatzea. Badago kide bat bereziki ahal den neurrian eta bere mugekin baina euskaraz egiteko ohitura hartu eta eusten diona».
Ohituretan eragiten jarraitu
2016-2017 epealdian metodologia berdina erabiltzen jarraitu dute, baina udal barrura begira, ez Soziolinguistika Klusterreko ikerketan. Jende gehiagok parte hartu du, Hirigintza saila ere sartu da, eta hor ere emaitza onak lortu dituzte.
«Igartzen da kontzientzia apur bat dagoenean, proiektuaren barruan sartuta dagoela dakienean, jendea gehiago saiatzen dela. Esperientzia ona izan da, nahiz eta ez den argitaratu. Gure barnekoa izan da, ohituretan eragiten jarraitzeko».
Lantokiak Eusle metodologia probatzera animatuko lituzte Izaskun Izurietak, «benetan baietz. Eskatzen duen esfortzua minimoa da, norbere laneko denboratik ez du apenas ezer hartzen eta konturatzen zara pertsonengan eragiten duela».
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.