Orain aste bete, Aldundiak une honetan foru etxe eta egoitzetan bizi diren adingabeak hartzeko prest dauden familiei dei egin zien, eta dagoeneko, 51 familia prest agertu dira haur eta nerabeak etxen hartzeko, foru erakundeak jaso dituen dei eta posta elektronikoen bitartez.
Zehazki, Gizarte Zerbitzuen Saileko foru diputatu Marian Olabarrietak egin zuen deialdian, hamabost adingabe jasoko zituzten hamabi familia behar zituztela iragarri zuen. Dei horren ondorioz, programak abegi-familia bihurtzeko prest zeuden pertsonen 51 dei jaso ditu. Gehienak, hain zuzen ere 47, Arabako familienak dira; gainontzekoak, Bizkaia, Palentzia edo Leongoak. Berehalako erantzuna honek arabarren "elkartasuna" agerian uzten duela adierazi du Olabarrietak.
Izan ere, abegi-familia bat berehala behar duten hamabost adingabe arabar horiez gain, badira oraindik beste 200 bat foru etxe eta egoitzetan bizi direnak. Batez ere, hiru urtetik beherako haurrak hartzeko familien premia larria du Aldundiak, baita haurrak behin betiko hartzeko prest egongo diren familiena ere.
Abegi-familia izateko prestakuntza saioak
Abegi-familia izateko interesa erakutsi duten pertsonek prestakuntza saio batzuk egingo dituzte, familian hartzeak zer zailtasun eta zer behar dakarren zehatz jakin dezaten. Ildo horretan, datorren urriaren 16an egingo da hurrengo informazio hitzaldia. Egin beharreko bigarren urratsa, berriz, balorazio prozesu bat izango litzateke, familia abegi-familia izateak dakartzan beharrei erantzuteko gai den erabakitzeko.
Era guztietako familiek har ditzakete haurrak: familiek, bikoteek eta pertsona bakarrak. Interesdunek Abegi-familia Programarekin harremanetan jartzeko nahikoa izango dute 945 77 30 52 telefonora deitzea edo acogimiento@araba.eus posta elektronikora idaztea. Harremanetan jar daitezke, halaber, GOFEren Adingabeen eta Familiaren Arloko teknikari eta arduradunen bitartez.