Zaiin, urduri, itxaropentsu. Arabatik Katalunian gertatzen ari denari adi-adi begira daude Cira Crespo, Alex Fernandez, Anna Garcia eta Agusti Agut. Hurrengo egunetan gertatuko dena irudikatzeko zailtasunak dituzte, baina badakite prozesuak atzera bueltarik ez duela, hasitako bideak "aldaketak" ekarriko dituela eta "zimenduak mugiarazi" egingo dituela. Kataluniaren independentziaren inguruko argudioez harago, adierazpen askatasuna eta herri baten borondatea jarri dituzte mahai gainean.
"Urriaren 1ean eta hurrengo egunetan gertatutakoak gertatu, prozesuak berak balio izango du, aurretik izan direnak eta etorriko direnak bezala. Zimenduak xaxatu ditu, eta horrek pena merezi du", esan du Agusti Agutek (Borriol, Valentzia, 1980). Izan ere, aldarrikapen abertzaleekin batera, beste aldarrikapen ugari barnebiltzen ditu erreferendum honek, haren ustez: "Prozesu trasbertsala da, eta hori ikusten ez duenak irudi partziala izango du".
Anna Garciak (Bartzelona, 1962) eskaera "jendetsu eta zeharkakoa" dela berretsi du, urteetan egindako eskaera, azkenik aurreikusten zuten agertokira heldu dena. "Bide posible guztietatik ukatu digute aukera hau, eta heldu da espero genuena; ziurrenik, kontsulta duela bost urte egin izan balute, ezezkoa atera eta Espainiak ez luke gaur duen arazoa; honaino helduta, bistakoa da aurrera doala herritarren nahia, eta honek beste hainbat kontsultarako bidea zabalduko du".
Alex Fernandezek ere (Sabadell, 1975) urriaren 1eko erreferendumak "beste ate asko" ireki ditzakeela uste du, eta horren beldur da Espainia. "Beste hainbat aukera jarriko ditu mahai gainean, estatu osoan, aldaketa geografikoez harago, erregimena bera jar dezakete kolokan. Zergatik ez Felipe Borboikoaren inguruko galdeketa?...". Fernandezen arabera, hainbat urtez herritarrak politikarekin mesfidati izan eta gero, oraingoan "aldaketarako" aukera esku artean dutela uste du: "Bazirudien, bati edo besteari botoa eman, denak berdin jarraituko zuela, eta boto honek, aldiz, zerbait aldatu edo eraikitzen hasteko balio dezake". Bideak balio izan du, haren ustez, mugiezinak ziruditenak mugitzeko. "Ezin da izan mugiezinak eta sakratuak diren legeek gure bizimodua arautzea; horiek aldatu daitezke eta aldatu behar dira. Nik ez nuen Espainiako Konstituzioa bozkatu".
Mozorroak erori dira
Cira Cresporen esanetan (Bartzelona, 1980), "giza eskubideak" daude jokoan, eta herritarrek "beharrezko erantzuna" emango dutela uste du. "Ez da posible Espainiako Gobernuak modu honetan nahi duena lortzea, errepresio eta jokabide hauekin... erantzun sendoa behar du". Prozesuak demokraziaren egoera "prekarioa" agerian utzi duela dio, eta, era berean, hainbat "mozorro" erori direla: "Egoera honek jende guztia alde batean edo bestean jartzera behartu du, muturreko egoera delako, eta agerian geratu da karetek ezkutatzen zutena. Alde horretatik oso interesgarria da".
Hala uste du Fernandezek ere, Espainiako hedabideek prozesuari eman dioten tratamenduari erreparatuta: "Mozorroa erori eta bat-batean denak dira espainiar nazionalista erradikalak eta eskuinekoak, eta ez naiz soilik El Pais edo La Sextaz ari, ustez aurrerakoiagoak direnak ere; errefuxiatuak, indigenak, talde ekologistak eta bestelako auzi nobleak jorratzen dituen Radio Babel saioak (Radio 3), esate baterako, joan den asteburuan Kataluniako nazionalisten kontrako erretolika antolatu zuen Savater, Espada eta Boadellarekin; euren nazionalismoa ez dute ikusten, jakina, besteena bakarrik".
Ildo beretik, Espainiako hainbat alderdiri "ausardia" falta zaiela uste du Crespok, "errepresio eta giza eskubideen urratzeen aurrean erantzuteko". Gobernuan den PP ez da, haren ustez, "errudun" nagusia: "Espainiako ustezko ezkerra horren epela izatea da dugun arazo nagusiena, gertatutakoak salatu eta benetako oposizioa egiteko ausardiarik ez duen alderdirik izatea". Egoera horrek urraketak "normalizatzea" dakarrela uste du, eta egun hauetan gertatutakoak "ohiko" direla pentsatzea. Azken egunetako miaketa, atxiloketa eta kereilak dira horren adibide, baina ugari dira batean eta bestean: "Normala al da estatuko hirugarren alderdiak bilera bat egitea Zaragozan, eta eraikinetik ezin atera egotea ultra talde bat dagoelako inguruan? Poliziari babesa eskatu eta aurpegira barre egitea?", salatu du Crespok. "Zoritxarrez, ez da alderdi nagusien erantzunik izan; horrelakoetara ohitu gara eta oso arriskutsua da". Iritzi berekoa da Fernandez, Podemoseko eledunek Zaragozan bizitakoaz: "Violeta Barbari jaurti zioten botilak Altsasun beste irakurketa izango luke, dudarik gabe, edota PPko zinegotzia balitz biktima...". Askatasunak galdu direla uste du Fernandezek ere, hogei urte atzera egin dela. "80. hamarkadan pentsaezina litzateke Bartzelona egun hauetan dagoen moduan egotea, poliziaz inguratuta; su hartuko luke hiriak. PP egonkortu egin da, eta PSOE bere atzetik joateak honakoa dakar Espainiaren batasuna moduko gaietan".
Aguten arabera, "erabateko lorpena" da probokazioei ez erantzutea, erresistentzia bide baketsuaz eta umorez erantzutea. Kataluniak urteetako klitxeei "buelta ematea" lortu duela uste du. "Harrigarria bada ere, hainbat agintari eraman dituzte eta jendeak era baketsuan mobilizatzen jarraitu du, are gehiago, umorea nagusi izan da warner civil modukoekin...". Euskal Herrian hainbatetan bizi izandako "errepresio moldeak" ezartzen saiatu da Espainiako Gobernua katalunian, baina aurkitutako erantzunak "egoera zaildu" diola uste du.
Erantzun "epela"
Euskal Herritik begira, Kataluniako auzian herritarren elkartasuna nabaritu dutela dio Garciak, han bizitakoaren inguruko interesa agertu eta babesa eskaini dietela. Alderdiak, ordea, ez atzera ez aurrera harrapatu dituela uste dute. EAJren "jarrera epela" nabarmendu du Crespok: "Dudarik gabe, Katalunian gertatzen denak hemen ondorioak izango ditu. Noiz arte jarrai dezake EAJk ezer gertatuko ez balitz bezala? Gertatutakoak gertatuta, jarraitu dezake PPrekin akordioak lotzen?".
Datozen egunetan, "errepresioa" areagotu egingo dela uste dute laurek, eta horri erantzuteko "batasuna" beharko dela, baita alderdiena ere. "Beldurra egon badago, noski, baina hori ere espero genuela uste dut: atxiloketa gehiago, hedabideen kontrako jazarpena... baina beste bide batzuk jarriko dira abian", aipatu du Garciak. Espainiako Gobernua "ataka zailean" dagoela uste dute, hartuko duen erabakia hartzen duela. "Baliteke igandeko argazkia guardia zibil batena izatea, hautetsontzia eskuan duela, baina ez dakit komeni zaien; argazki horrek ez du argazki-oinaren beharrik izango lau haizetara denek ulertzeko", nabarmendu du Agutek.
Telefonoak eskuan, azken orduko albiste erauntsiari adi daude solaskideak. Urriaren 2ko agertoki berriaren zain.