Aurpegi ezagun askok topo egingo dute Endesa ligako lehen partidan. Aurrez-aurre iazko denboraldian Baskoniako entrenatzaile izan zen Sito Alonsoren mutilak izango dituzte gasteiztarrek, eta horien artean Baskoniako kapitain ohia, Adam Hanga. Hauetaz gain, iraganean Baskoniaren elastikoa jantzi izan duten jokalari gehiago ere izango dira, Thomas Heurtel eta Pau Ribas tartean.
Goitik behera itxuraberrituta ekingo diote 2017-2018 kurtsoari bi taldeek. Iazko denboraldi txarra ahaztu nahirik Bartzelonan garbiketa latza egin dute aldagelan eta aurpegi berri asko izango dira kantxan.
Baskoniaren kasuan ere Zurbao aldean ohikoagoak diren mugimenduak egon dira udan, eta jokalari multzo berriak ilusioz beterik ekingo dio denboraldiari. Taldearen ardura Gasteizen instituzio bat den Pablo Prigionik hartu du; lehendabiziko urtea izango du entrenatzaile lanetan eta ikusteke dago bere jokalari sena gazteagoei transmititzeko doaiak izango ote dituen.
Jokalari multzo berritua
Jokalarien artean ere, hamaika nobedade. Taldearen gidaritza eskarmentu eta esperientzia askoko bi antolatzaileek izango dute, Marcelino Huertas brasildarrak eta Jason Granger uruguaiarrak. Adituen hitzetan bikote honek taldearen mesedetan gauza asko egiteko aukera izango dute urtean zehar. Hirugarren antolatzailea Luca Vildoza argentinarra izango da. Jokalari gaztea da, eta oraindik eskarmentua beharko du beste bi antolatzaileei minutuak kendu nahiko badizkie.
Barne jokoan ez da horrenbeste aldaketa egon, eta Ilimane Diop, Johannes Voightman eta Tornike Shengeliak izango dute etorri berriei Baskoniaren "izaera" erakusteko erantzukizuna. Shengelia, halere, min hartuta dago orkatilako zaintiratu baten ondorioz eta ez da lehian arituko zenbait astez. Hirukote hau osatzen Poirier frantziarra izango da Baskoniaren etorkizuneko apustua.
Hegalekoen artean, aldiz, nahasmen ugari izan da azken asteotan; fitxaketa berriak batetik eta lesioak bestetik. Ostiraletik aurrera ikusi ahal izango dugu jokalari multzoa behar bezain beste trebatu ote den aurre-denboraldian. Iazko taldetik Rodrigue Beabouis izango da aurpegi ezagun bakarra, baina oraindik ere, arazo fisikoak tarteko, denbora bat beharko du bere ohiko joku maila erakusteko. Janis Timma letoniarrak denboraldiari sasoi betean ekingo diola erakutsi du azken partidetan, eta gauza asko espero ditu zalegoak jokalari honen partetik. Aurtengo beste fitxaketa nagusi bezala izendatu daitekeen Jordan McRae estatubatuarra, aldiz, min hartuta dago, eta tamalez, kantxetatik urrun izango da lehen norgehiagoka hauetan. Egoera berean dago Patricion Garino argentinarra, baina bere errekuperazioa arinagoa izango dela jakinarazi dute taldetik. Beraien ordezko lanetan, Europako zenbait taldetan aritu den Matt Janning eta NBAn esperientzia aipagarria duen Carlos Delfino izango dira.