Hilaren 21eko politika orokorreko osoko bilkurarekin ekingo diote ikasturte berriari Eusko Legebiltzarrean. Laura Garrido (Gasteiz, 1969) PPko legebiltzarkideak ekonomia sustatzeko politika zehatzak adosteko garaia dela uste du, lehentasunen artean; transferitu gabe dauden eskumenen inguruan hitz egitea, berriz, premiazko gaiak ez direla argitu du.
Zein erronka du PPk ikasturte berrira begira?
Ikasturte berri bat hasiko dugu, eta argi dago EAJk eta PSEk osatzen duten gobernuak gehiengorik ez duela, beste indar bat behar dutela gehiengo hori lortzeko, bereziki ekimen nagusienak aurrera ateratzeko. Aurreko legealdian posible izan zen aurrekontuak aurrera ateratzea PP abstenitu egin zelako, eta horren ondorioz politika batzuk negoziatu genituen; besteak beste, zergak ez zirela igoko bermatuko zuen klausula bat adostu genuen, edota politika zehatzak bideratzeko neurriak: enplegua sustatzeko, errekuperazio ekonomikoa sendotzeko, familiei laguntzak emateko, hezkuntza arloko inbertsioak... Momentu hartan EAJk eta PSEk aukeratu zuten moderazioaren bidea; beste aukera erradikalismoarena zen. Momentu honetan, aurrekontuak negoziatu behar direnean, lehentasun horiek izaten jarraitzen badu, moderaziotik jotzen badu, akordioa lortzea ez da zaila. Politika orokorreko debatearen ondoren hasiko dira negoziazioak.
Marra gorririk bada negoziazio horietarako?
Uste dut argi izan behar ditugula guztiok zeintzuk diren herritarrek dituzten arazoak, eta adibidez eskumenen kontua ez da lehentasun bat. Uste dugu momentu honetan ez dela komenigarria gai hori mahai gainean jartzea.
Espetxe politika eta Gizarte Segurantza eskumenez ari gara.
Bai. Dena den, EAJk alde batetik eskumen horiek eskatzen ditu, baina, beste alde batetik, adierazpen desberdinetan ikusi dugun moduan, eurek onartzen dute gauzak ez direla horren errazak. Eta, berriz diot, ez dut uste lehentasun bat direnik. Guk mahai gainean jarriko ditugu zerbitzu publikoak, enplegua, ekonomia sendotzea, ekintzaileak...
Estatutu proposamen berri bat aurkeztuko du Iñigo Urkullu lehendakariak laster. Zer sumatzen duzu?
Alfonso Alonsok aipatu zuen moduan, azalpenak eskatu dizkiogu lehendakariari. Legealdi hau hasi zenean, eta aurrekoan, beti aipatu izan du Eusko Legebiltzarrean osatuta dagoen ponentziaren lana errespetatu behar zela eta ponentziak bere lana egin behar zuela. Iragarri duenarekin, ematen du berak ez duela errespetatzen ponentzia hori eta ez duela betetzen bere hitza. Horregatik, uste dugu argitu beharko duela; une honetan kontraesan bat ikusten dugu bere garaian esandakoarekin.
Bake prozesuaren etorkizuneko erronkei dagokienean, zeintzuk dira eman beharreko pausoak aurrerantzean?
Gu ez gaude aferaren inguruan Legebiltzarrean osatu den ponentzian, jakina denez, bere momentuan hor egoteko gutxieneko zoru etiko bat adostu genuelako alderdiek, eta argi agertzen zelako terrorismoaren gaitzespena. Hori ez da bete, talde bat ez dagoelako horrekin ados, eta PPk erabaki zuen ez egotea. Hortik aurrera, komenigarria izango litzateke ezker abertzaleari eskatzen jarraitzea pausoak ematea, terrorismoaren gaitzespena erakutsiko duten pausoak. Guretzat lehentasun bat da terrorismoari legitimitatea kentzea arlo guztietan eta elkarbizitza lantzea; iritzi desberdinak defendatzen dituztenek hori defendatzea inolako beldurrik gabe. Pauso handiak eman dira, argi dago, ETAren jarduera terrorista utzi zuela iragartzea tartean; ETA momentu horretan oso ahul zegoelako eta zuzenbide estatuak ematen dizkigun baliabide guztiak martxan jarri zirelako. Baina oraindik gorroto poltsak geratzen dira, biktimekiko ekintza ofentsiboak, eta horiek kentzea falta zaigu. Pauso handia eman zen, baina gogoratu behar dugu ETA talde terrorista bezala indarrean dagoela, behin betiko desagertzea lortu behar dugu, eta mundu guzti horrek egin behar duen autokritika egitea. Horiek dira beste alderdiek ere eduki behar dituzten lehentasunak. Ez diogu ezer zor ETAri.
Gobernuak eman behar du pausorik euskal presoekiko?
Oraindik talde terrorista bat dugu, desagertu ez dena, eta eskaerak ETAri egin behar dizkiogu. Espero dugu lehenbailehen egitea, euskal gizarteak eskatzen duen moduan erantzutea.
Ramon Rabanerak duela bi hilabete Berrian egindako elkarrizketa batean zera esan zuen: "ETAren osteko aroan, ez dugu asmatu erakargarri den mezu bat ematen eta beste alderdietatik bereizten".
Seguruenik autokritika egin behar dugu, baina egia da PPk momentu oso txarrak pasatu dituela, gure zinegotzi eta alderdikideak hil dituztela, eta PPren ideiak defendatzea ez dela erraza izan. Momentu honetan agertokia desberdina da eta aukera dugu hainbat lekutan zerrendak egiteko edota iraganean izan genituen zailtasunak gainditzeko. Ziurrenik, lehen terrorismoa zen hizketagaia, eta orain zuzenean ez baina terrorismoaren deslegitimazioari buruz, gorroto poltsei buruz hitz egin beharko dugu... horiek ere pendiente ditugu eta ezin ditugu ahaztu. Ideia horiek tinko defendatzen dituen alderdi bakarra esango nuke PP dela.
Kataluniari begira ere izango zara egun hauetan.
Bai, aspertuta nago gaiarekin...
Erreferendumik izango al da?
Ez. Ekintza ilegala denez, Espainiako Gobernuak esan du ez dela egingo. Neurriak hartuko ditu galdeketa hori ez egiteko.
Ados zaude?
Bai, demokraziak oinarri du legearen errespetua, eta errespetatzen ez dutenek demokrazia zapaltzen dute. Aurreko asteko Kataluniako Parlamentuko irudiak ikusita, kezkatuta nago; legitimazio osoa galdu du, ez ditu errespetatu bere arauak, letratu nagusiak esandakoa, Kataluniako Estatutua... Zer legitimitate dauka Parlamentu horrek lege bat aurrera ateratzeko?
Gehiengo batek adostu du, ezta?
Bai, baina nahiz eta gehiengo batek erabaki, ezin da indarrean dauden beste legeen kontra egin. Ez Estatutuaren aurka, ez Konstituzioaren aurka... Gainera, gauzak ohartarazi zaizkie; pausoak ematen badira legea bertan behera utziz, horrek ondorioak izango ditu. Bakoitzak hemen ezin du egin nahi duena.
Konstituzioa dago herritarren gehiengoaren nahiaren gainetik?
Marko juridikoak alda daitezke; hainbat erkidegotan estatutuak aldatu dira. Konstituzioa gauza zehatz batzuetarako aldatu egin da, baina argi jakin behar dugu oinarrizko legeak aldatzen direnean, zertarako nahi ditugun aldatu, adostasuna lortu behar da eta dagokion prozedura errespetatu behar da. Hori da demokrazia. Guk geuretzat jarri genituen legeak errespetatzen ez baditugu, nork bete behar ditu? Demokrazian, ezinbestekoa da demokrazia horren barruan gaudenok errespetatzea.
Zein da Gobernuak arazoari irtenbidea emateko egin duen proposamena, beraz?
Bueno, uste dut Espainiako Gobernuak hainbat alditan izan dituela elkarrizketak Kataluniako Gobernuarekin. Kataluniari dirua ematen zaio bere zerbitzu publikoak bermatzeko, finantza hutsuneak betetzeko... Gauza desberdinei buruz hitz egin daiteke, baina legearen errespetua marra gorria izan behar da guztiontzat.
Euskal Herrira bueltatuta. Nola ikusten duzu bertako politikagintza?
Uste dut alderdiek ahaleginak egin ditugula aldaketak egiten, baina gauza askok min egin digute politikooi, guztion korrupzioak esate baterako...
Batzuenak gehiago, ezta?
Bai, baina korrupzioa arlo guztietan eta leku guztietan dago. Tinkotasunez egin behar zaio aurre, gauzak frogatu behar dira, eta pertsona horiek albo batera utzi behar dira alderdietatik. Hori da PPk egin duena. Ziurrenik eragina izan du horrek herritarrek politikariekiko duten iritziaren inguruan, baina gauza on bat atera dezakegu hortik: hemen egiten duenak ordaindu egiten du. Neurriak bideratu behar ditugu Justiziarekin kolaboratzeko, eta politikaren balioak errekuperatuko ditugu.
Botere banaketa faltak ere ez al ditu atzera bota herritarrak?
Justiziaren independentzian sinesten dut. Batzuetan, beharbada, informatiboki ez dira gauzak ondo egin, baina ezin da zalantzan jarri botereen independentzia.
Araba eta Gasteizera etorrita. PP erreferente izatetik, agintean izatetik, albo batera igaro da. Hausnarketarik egin duzue?
Gogoratu behar dugu Gasteizko Udaleko agintean dauden alderdiek PPren zinegotzi kopuru bera dutela, eta jendeak erabakitakoaren aurka gobernatzen ari direla.Gasteizen beti izan da agintean boto gehien lotu duena. Araba mailan PP alderdi bozkatuen izan zen, eta une honetan nazionalismoaren aurrean erreferentzia bakarra da, alderdi sozialista desagertuta dagoelako, eta hori kontuan izango dute herritarrek hauteskundeetan.
"Elkarbizitza arauak errespetatu behar dira"
Olabide ikastola.
Urte zoriontsuak izan ziren, 3 urtetatik 18 urtera, eta askorekin harremana mantentzen dut.
Euskal Telebista.
Aldaketa izugarria behar du. Audientziak oso txarrak dira, eta ikusten ari gara gainera gero eta diru gehiago jartzen ari garela. Askotan ematen du nazionalismoaren telebista dela.
Liburu bat?
Superpoderes del éxito para gente normal, More magoarena. Oso interesgarria.
Trebiñu.
Espero dugu irtenbide bat ematea, baino dagokion lekuan. Madrilen onartutako lege baten bidez, eta enklabe guztiei erantzuna emanez.
Errekaleor.
Legea errespetatu behar da. Elkarbizitza arauak ez dira errespetatu eta, gainera, bizitzarako arriskua dago. Gutxieneko batzuk errespetatu behar ditugu.
Knorr familia.
Oso zabala, eta anitza. Bildu gara hainbatetan, Gasteizen, Alemanian... Momentu horretan ez da eztabaida politikorik tartean; pozik egoteko momentua da.