Javi Dominguezek irabazi du Tor des Geants mendi ultra-maratoia

Erredakzioa 2017ko ira. 14a, 11:00
Javi Dominguez Courmayeur herriko helmugan. Argazkia: Tor des Geants

Mendi lasterketako 338 kilometroak 67 ordu eta 52 minutuan eginda, errekor berria ezarri du Aosta bailaran korritzen den lasterketan.

Lehendabizikoz parte hartu du Javi Dominguez gasteiztarrak Tos des Geants mendi ultra maratoi gogor zein ezagunean, eta Iker Karrera amezketarrak 2013an ezarritako marka 2 ordu eta 11 minutuan murriztea lortu du gainera.

Italiar Alpeetan, Aostako bailaran, egiten den mendi lasterketa entzutetsuak orotara 330 kilometroko luzera du eta parte-hartzaileek gainditu beharreko desnibel positiboa 24.000 metrokoa da. Ibilbidean zehar zenbait erraldoi gainditu behar dituzte lasterkariek gainera, Mont Blanc (4.810metro), Monte Rosa (4.534), Cervino (4.478) eta Grand Paradiso (4.061) tartean.

Bidea egiteko ia 68 ordu behar izan ditu arabarrak (67:52:15) eta helmugan ordu eta erdiko aldea atera dio Olivero Bosatelli bigarren sailkatuari (69:16:19). Hirugarren sailkatua Andrea Macchi italiarra izan da 74 ordu eta 51 minutuko denbora gaindituta.

Azkenean, podiumean tokirik lortu ez duen lasterkaria Franco Colle izan da, Javi Dominguezekin batera lasterketa beste protagonista nagusia. Hasiera batetik bien arteko lehia nabarmendu zen ibilbidean zehar. Hasierako kilometroetan Dominguez izan zen nagusi, baina 205. kilometroa gaindituta, 2014an txapeldun izandako Collek aurrea hartu zion. Erritmo bizia ezarrita gainera, ibilbideko puntu ezberdinetan markak hausten joan zen italiarra eta zenbait puntutan 3 orduz gorako aldea atera zion Dominguezi.

Bi egun baino gehiago korrika eman ondoren, italiarrak makalaldia izan zuen eta 308. kilometroan gasteiztarrak aurrea hartzea lortu zuen. Bere erritmoari eutsiz eta marka guztiak hautsita, Javi Dominguezek garaipena lortu zuen Courmayeurreko helmugan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide