Alarma gorrian daude Arabako anbulantzietan

Mirian Biteri 2017ko ira. 14a, 10:29

Hiru urte daramatzate greban premiazko garraio sanitarioaren sareko anbulantzietako langileek. Egoera jasanezina dela diote.

Oihartzun askorik izan ez duen greba da orain dela hiru urte eta erdi Arabako Premiazko Garraio Sanitarioaren Sareko anbulantzietako langileek hasitakoa; 2014ko martxoaren 10ean ekin zioten, eta 41 hilabete geroago, bere horretan dira, hitzarmen eta lan baldintza duinen defentsan. Aurrerapausorik ez da eman denbora tarte horretan; bai, ordea, atzerakada. Pasa den ekainean, zerbitzua kudeatzen duen enpresa berria sartu zenetik, sektoreak bizi duen prekarietatea "modu tamalgarrian" areagotu dela salatu dute langileek.

Legutioko eta Murgiako emergentzia egoitzetako langile taldea batu du Alea aldizkariak, gaur egungo egoeraren berri jasotzeko. Gogorarazi dute krisi ekonomikoarekin batera hasi zela arazoa, Eusko Jaurlaritzak Araba eta Bizkaiko zerbitzua kontratatzeko lehiaketaren esleipena %8 jaistea erabaki zuenean.

Emerbask enpresa elkarteak lortu zuen kontratua, lehiaketa %15a jaitsita. Aldaketa horrek Espainiako Gobernuak aurkeztutako Lan Erreformarekin egin zuen bat, eta garai hartan Araban hitzarmenik ez zegoela aprobetxatuta, enpresak herrialdeko langileen soldatak %15 jaitsi zituen.

Gutxieneko zerbitzuak, %100ekoak

Horren aurrean, greba deitu zuten. "Baina, Jaurlaritzak ez digu greba egiten utzi, %100eko zerbitzu minimoak ezarri dituelako; horrek eragin du gatazkak oihartzunik ez izatea", salatu dute langileek. Bitartean, epaitegietara ere jo dute; azken hauek langileen alde egin dute.

Egoerak, baina, ez du hobera egin. "Sektoreko hitzarmen autonomikoaren negoziazioak blokeatuta daude, esleipenetako baldintza pleguetan jasotako irizpide eta baldintzak ez dira betetzen, zerbitzuaren titulartasunean aldaketak ematen ari dira etengabe, eta horiek langileen artean lan baldintza ezberdinak dakartzate; eta Eusko Jaurlaritzak, bitartean, ez du eskua sartzen gehiegikeri honi irtenbidea emateko. Guzti horrek ez du batere laguntzen", azpimarratu du Murgiako egoitzako langile eta LAB sindikatuko ordezkari Blanca Iglesiasek.

Hori gutxi balitz, pasa den ekainaren 23an eskuz aldatu zen zerbitzua. Larrialdiak-Maiz enpresa elkarteak bi urterako hartu zuen Emerbasken lekua.

Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 118. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago