Andre Maria Zuriaren jaietan gertatu zen erasoa, Transbollomarika sareak jakinarazi duenez; udan zehar gertatu den laugarrena. Gainera, aurrekoetan gertatu den eremu berean izan dela nabarmendu dute, hainbat eraikin instituzionaletik gertu. "Beraz, kamerek, poliziek eta segurtasun agenteek erabat zaindutako zonaldea".
Hiru kasutan Polizian salaketa aurkeztu dela azaldu du Transbollomarikak, eta erasotzaileak Ertzaintzak eta Udaltzaingoak identifikatu dituela. "Non daude udal zerbitzuak horrelako egoeratan? Zer nolako zaintza agindu eta eman da eremu honetan? Zelan gerta daiteke eraikin instituzionalak biltzen diren lekutik horren gertu erasoak etengabeak izatea eta INORK ezer ez egitea? Zertan ari dira?", salatu du sareak ohar baten bitartez. Gasteizko Udalak zonalde horretan polizia zaintza handituko zuela iragarri bazuen ere, halakorik ez dela egin nabarmendu dute. "Maritxuen askatasuna garrantzi gutxiko kontua da gure Udalarentzat, nahiz eta Nazioarteko Egun bakoitzean adierazpen instiuzionalak egin eta egunero gure kaleetan bertan lapurtzen diguten eta erasotua den askatasun sexualaren aldeko ekimenak antolatzen dituzten".
Eraso homofoboen aurrean, salaketa jartzeak ezinbesteko garrantzia duela adierazi du Transbollomarika sareak, eta eurekin harremanetan jartzeko aukera ere eskaini dute (633 309 563).
Gertatutakoak salatzeko, elkarretaratzea deitu dute asteazkenerako, hilaren 13rako, Andre Mari Zuriaren plazan. 20:00etan izango da, Zuon gorrotoak ez du lekurik gure kaleetan lelopean.