Monumentu megalitiko baten hondakinak aurkitu dituzte Eskalmendin

Erredakzioa 2017ko ira. 11a, 16:21

Pedro Lobo arkeologoaren taldeak koraza itxurako hainbat harri aurkitu ditu.

Arabako Foru Aldundia indusketa bat egiten ari da Eskalmendi inguruetan, eta indusketa horrek baieztatu du monumentu megalitiko baten hondakinak daudela. Pedro Lobo arkeologoaren taldeak, EHUko irakasle Alfonso Alday Ruizen laguntzarekin, egindako lanek baieztatu dute tumulu handia dela, buztinak pilatzearen ondorioz sortua, eta behealdean harri txikiz osaturiko bi eraztunez mugatua perimetroan. Tumuluaren goialdean tamaina desberdineko hainbat harri daude, koraza eran jarriak, eta erdialdean hainbat zantzu aurkitu dira erakusten dutenak lauza handien ganbera bat dagoela.

“Erdialdean giza hondakinak aurkitu dira, eta haien datazioaren zain gaude, baieztatzeko tumuluaren behin betiko kronologia”, azaldu du Igone Martinez de Luna Kultura diputatuak aurkikuntzaren inguruko agerraldian. Datozen egunetan, lanak egiten jarraituko dute, zuzen mugatzeko ganbera, eta horrekin jardunaren lehenengo fasea bukatuko da. Baieztatu beharrekoa baieztatzen bada, Eskalmendi izeneko bigarren trikuharria izango da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago