AEBetako lehenengo presidente beltzak eraikita ko guztia eraistea. Hori du helburu Donald Trump presidenteak Mikel Reparaz (Arbizu, Nafarroa, 1975) EITBren berriemailearen arabera. Obamalandetik Trumpistanera izeneko hitzaldian argitu ditu munduko herrialde boteretsuenean azken hilabeteetan bizi izandakoak, eta aurrera begira giltza izan daitezkeenak. Gasteizen antolatu berri diren Kazetaritza, bertatik bertara jardunaldietan izan da Reparaz.
Zortzi hilabete dira Donald Trump AEBetako presidente izendatu zutela. Zer giro sumatzen duzu?
Bi herrialde daudela esango nuke. AEBetako bi kostaldeek ez dute zerikusirik Ohion, Iowan eta, bati bat, erdialdean duten giroarekin. Azken hilabete eta urteetan herrialdean asko bidaiatzeko aukera izan dut, eta aldea nabarmena da. New Yorken oraindik shock egoeran daude; etengabe ari dira ikusten Trump erritmo ikaragarri batean ari dela albisteak ematen, haren adierazpenen bitartez, eta kolektibo desberdinei eraso eginez gainera. Armadako transexualen kontrakoa azkenetarikoa, emakumeen kontrakoak zer esanik ez, edota musulmanen kontrako neurriak. Giro oso gatazkatsua sortu du horrek, eta erresistentzia handi bat bi kostaldeetan.
Erdialdean, berriz, babesa.
Beste planeta bat da Trumpi botoa eman dion gehiengo zuri kontserbadorearena. Bertan ez dago inolako zalantzarik, presidentearekin daude erabat. Hamarretik lau estatubatuarrek babesa eman diote kudeaketari, baina bere boto-emaileen artean %100ean mantendu da. Gogoratu behar da 2008an Obamari botoa eman zioten langileek ere eman ziotela Trumpi; West Virginian izan nintzen erreportaje bat egiten, meatzaldean, eta tradizionalki sindikatuetan aritu izan diren langileek Trumpen alde bozkatu zuten. Oraindik babesa ematen diote, lanpostuak berreskuratzen ari dela uste dutelako. Nahiz eta gai horretan propaganda handia egon, Trumpek badakielako etorkizuna ez dela ikatza, ez petroleoa...
Obama garaian lortutakoari "mendekua" dela aipatu duzu hitzaldian.
Obamaren garaipena kubritu nuen 2008an, eta kazetariok euforia batean bizi izan genuen AEBetako historian muga bat gainditu zela, herrialdearen historian etengabea izan den arrazakeria eta gatazka hori nolabait garaitu zela presidente beltz batekin. Zortzi urte ondoren, ikusi dugu hori inolaz ere ez dela garaitu, eta larriagotu egin dela gainera. Horrek azaltzen du, nire ustez, Trump fenomenoa; alegia, lehendabiziko presidente beltzaren politikek erabat baztertu dute AEBetan oraindik ere gehiengo soziala dena: zuria, kristaua eta kontserbadorea –%60 inguru–. Politika oso aurrerakoi moduan ikusi direnak populazioaren zati handi bat baztertu dute, eta horrek erreakzioa ekarri du; immigrazioaren inguruko neurriak, ingurumenaren ingurukoak, Obamacare osasun erreforma... Lehen presidente beltzaren ondarea deuseztea da Trumpen obsesioa une honetan.
Talde supremazistak areagotu direla erakusten dute datuek.
Orain dela hamar urte desagertzen ari ziren. Alabamako Southern Poverty Law Centerren arabera, 400 inguru zeuden, eta 917 talde arrazista daude egun. Hori Obamaren garaian gertatu da; Obamaren aurka mobilizatu dira talde guzti hauek, eta haren politiken aurka. Isilik egon dira, ezkutuan egon dira, eta Trumpek irabazi ostean puztu egin dira; lehen aldiz ikusten ari gara kaleetan benetako mobilizazio ultraeskuindarrak eta arrazistak. Charlottesvillen izandakoa adibide bat baino ez da. Hilaren 16rako beste manifestazio bat deitu dute talde supremazistek Richmonden, Alt-Right mugimenduak deituta. Eta larriena dena, orain arte isolatuta zeuden taldeak batzen hasi dira. Trumpek hori geldiarazi beharrean, arrazoiak eman dizkie, euren aldarrikapenak zentzuzkoak direla esan du: konfederatuen ikurrak ezin direla eraitsi, hor jarraitu behar dutela AEBen historiaren parte direlako.
Trumpen oposizioa non dago momentu honetan?
Ez dut ikusten oposizio politikorik. Erresistentzia kaleetan dagoela esango nuke; presidenteak kargua hartu eta hurrengo egunean Washingtonen historian izan den manifestazio handienetako bat izan zen, kolektibo feministek deitu zutena. Iluntasun honetan argi pixkat bat ikustearren, talde aurrerakoiak kaleetara irten dira inoiz ez bezala, agian Vietnamgo gerraz geroztik. Egia da, baita ere, oso zatituta dagoela eta ez duela inolako islarik alderdi demokratan. Hillary Clintonek hauteskundeak galdu zituenetik alderdiak ez du burua altxatu, eta beharbada datorren urteko azarora arte itxaron beharko dugu, hauteskunde legislatiboak izan arte. Oposizioaren beste zati handi bat, gezurra badirudi ere, alderdi errepublikano barruan dago; oposizio handia du hor, eta asko itxoiten ari dira hainbat eskandalu tartean daudelako, Errusiarekin izandako harremanen inguruan, besteak beste.
Egindakoak egin, Trumpek immunitatea duela dirudi.
Denbora gutxi badarama ere, ikusi dugu burua altxa duela egoera zailenetan. Jakin izan du komunikazioa bere alde erabiltzen orain arte ikusi ez dugun modu batean, aitortu behar zaio, eta arma potentea da hori. Zenbat gezur esan ditu presidente denetik? Kontua galdu dut, eta gezur horiek erabili ditu bere boterea sendotzeko. Hauteskundeak irabazi eta gutxira ikusi genuen hori; alderdiko buruzagitza guztiaren aurrean esan zuen hauteskundeetan paperik gabeko milioika lagunek eman zutela botoa, mundu guztiak zekienean hori gezurra zela, ez zegoela frogarik. Guztiak isildu eta burua jaitsi zuten. Hor argi ikusi nuen Trumpek gezurra erabiltzen badakiela boterea sendotzeko, eta hori egunero egiten du, sare sozialetan. Izugarrizko astakeriak botatzen ditu eta inork ez dio ezer esaten. Ikusi beharko dugu, halere, Robert Mueller fiskal berezia ikertzen ari den konexio errusiarren aferak zenbaterainoko bidea izango duen; delitu bat balego, uste dut babes guztia galduko lukeela eta ezingo lukeela aurrera egin. Baina oraintxe bertan oso sendo ikusten dut Trump.
Euskal komunitatean ere babesa du Trumpek, ezta?
Euskal komunitatea oso anitza da politikoki. Boiseko alkatea dugu, esaterako, estatu errepublikano baten erdian alkate demokrata, eta oso aurrerakoia hango parametroetan. Baina egia da, baita ere, diasporan trumpzale pila bat dagoela. Hemen horren arrotza egiten zaigun figura hori hurbiltzea eta zergatik bozka emango zioten euskaraz entzutea interesgarria zela uste nuen, eta erreportaje bat egin nuen. Polemika handia eragin zuen eta denetarik esan zidaten sare sozialetan...
Hedabideekin gerra argia du Trumpek.
Bai, uste dut dena kutsatu egin duela, baita hedabideak ere. Izan ere, hedabide ustez aurrerakoiak marra gorri asko gainditzen ari dira, eta gero eta zailagoa da editorialak eta informazioa bereiztea. CNN ikusten baduzu, ez dakizu zer den informazioa. Uste dut hori kaltegarria dela, azkenean Trumpen tranpan erori direlako hedabide asko. Zabaldu egin da desinformazioa. Eta hedabideen kontrako gerrak, aldi berean, urratu egin du prentsa askatasuna; gogoan dut alderdiko jarraitzaileen aurrean kazetariak seinalatu eta "the dishonest media" esaten zuenean, jarraitzaileen garrasien artean. Badaki herritarrek konfidantza gutxi dutela hedabideengan eta hortik jota onura ateratzen duela.
Nolakoa da kazetari lana garai hauetan?
Oso frustrantea da horrela lan egitea. Ez daukat egiaztatzerik gobernutik datorren informazioa. Obamarekin ez zen perfektua baina bazegoen norbait telefonoa hartuko zizuna. Orain inork ez du erantzuten; besteak beste, beldurra dutelako, hurrengo egunean twitterren zer jarriko duen ez dakitelako. Beste alde batetik, berriz, umoreak jakin izan du beste inork ez bezala, eta hedabide tradizionalek ez bezala, buelta ematen Trumpen argudioei: Trumpen argudioei ezin zaie aurre egin kontrastearen mailatik. Uste dut noizbait kazetaritza fakultateetan ikertu eta irakatsiko dutela umore saioak egiten ari direna, Stephen Colbert edota Jimmy Fallonekin.
Hurrengo hilabeteetan non izango duzu arreta?
Berehala izango dugu Nazio Batuen batzar nagusia, hilaren azkeneko astean. Hor lehendabiziko aldiz entzungo dugu Trump munduari hizketan, munduen agintarien aurrean. Politika oso protekzionista eta nazionalista egin du, eta kezka handia dago. Ipar Korearekin zer egingo duen ikusi beharko dugu, edota Afganistanen, milaka tropa gehiago bidaliko dituela iragarri eta gero.
Harresiarekin ere badoa aurrera, ezta?
Baita. Finantziazio bila dabil eta saiatuko da kongresuan onartzen; ez dago argi nondik aterako den. Asmo guztia du eraikitzeko, eta mundu guztiak daki ez dela ez beharrezkoa ez eraginkorra immigrazioa geldiarazteko, gaur egun mugatik inor ez delako gurutzatzen ari.
Informatiboki hilabete interesgarriak datoz, beraz.
Sentimendu kontrajarriak ditut. Alde batetik bai, baina beste aldetik ez. Niri oso fenomeno interesgarria iruditu zait Obamaren urte horiek ikustea nola ekarri duten erreakzio hau. Carol Anderson idazle eta soziologia irakasleak oso ongi deskribatzen du AEBetan gertatu dena White Rage liburuan; "zurien amorrua" azaltzen du eta Steve Bannon moduko supremazistak nola heldu diren Etxe Zurira. Aitortzen dizut nik ez nuela aurreikusten Trumpen garaipena; harritu nintzen emaitzarekin, baina, era berean, berehala ulertu nuen zer gertatu zen: Trumpek kanpaina egin zuen egin beharreko lekuetan, oso inteligentea izan zen.
Faltan botatzen duzu bestelako kazetaritza lana? Garai batean egin zenuen koordinazio lana?
Ez, argi dut. Garai bat izan nuen kazetaritza beste ikuspegi batetik ikusteko, koordinazio edo ardura postu batetik, asko ikasi nuen eta oso momentu interesgarria izan zen Euskal Herrian ere. Niretzako oso inportantea izan zen, baina…
Eta berriemaile lanak beste leku batean?
Azken urteetan hainbat kobertura egin ditut eta ez daukat lehentasunik. Agian, bat aukeratzekotan, Europan gertatzen den fenomenoa oso interesgarria iruditzen zait; AEBetatik dudan esperientziak badu neurri handi batean lotura Europan gertatzen ari denarekin. Eskuineko populismo arrazista ere arrakasta izaten ari da hemen, fenomeno globala da mendebaldean.
---
"Eredu bat bilatu behar du Euskal Telebistak"
Pelikula bat?
'I am not your negro' dokumentala. Mugarri bat izan da niretzat AEBak ulertzeko moduan, arrazakeriaren psikologian barneratuta.
Euskaldunon Egunkaria.
Kazetaritza ibilbidearen hasiera. Askatasun handiz lan egin nuen eskola.
Manu Leginetxe.
Peshawarren ezagutu nuen, Afganistango inbasioaren hasieran. Mito bat da niretzat. Eta haren kazetaritza ereduarekin jarraitzea inportantea da.
Liburu bat?
Patti Smithen 'Just Kids'. Beste dimentsio bat ematen dio New Yorki. Eta rocka gustatzen bazaizu ezinbestekoa.
New Yorkeko txoko bat?
Paddy Reilly's taberna. Oso berezia da niretzat. Astelehen gauetan bluegrass talde batean gitarra jotzen dut han.
Euskal Telebista.
Oraindik garatu gabeko proiektu bat da, eta eredu bat bilatu behar du. Oso inportantea da, behar beharrezkoa, baina iruditzen zait interes komertzialek eta politikoek garapen hori oztopatu dutela. Zerbitzu publiko bezala, sorrerako oinarriak berreskuratu behar dituela uste dut.