Kutsadura aztarna berriak azaldu dira Garoñan

Juanma Gallego 2017ko abu. 29a, 12:58

Garoñako zentral nuklearra, Arabatik hamar kilometrora kokatuta dago. PHOT.OK

Orain arte inon jasota ez zegoen isurketa baten arrastoa antzeman dute oraingoan. Maiatzean, berriz, su-itzalgailu bat erabili behar izan zuten sugarrak amatatzeko. 

Garoñako zentral nuklearrean, 2009 urtetik mugitu gabe zeuden hormigoizko hiru ontziren azpian aktibitate erradioaktiboa antzeman dute ikuskatzaileek.  

Ekainaren 20an egindako miaketa batean azaldu zen kutsadura hori, atzo CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak argitaratutako ikuskapen txostenaren arabera. 

Hormigoizko hiru ontziak mugitu eta gero azaldu zen zesio-137 gai erradioaktiboak sortutako kutsadura. Bi metro koadroko eremu batean, 0'6 - 10 bq/cm2-ko aktibitatea antzeman zuten. Zoruan 5 zentimetroko geruza kendu zuten. Eremu horretatik "bi bidoi lur" erauzi zituzten, txostenaren arabera. "Antza denez, duela urte asko izandako isuri baten arrastoa liteke, horren azalpen dokumentalik ez badago ere", txostenean zehazten denez. Izan ere, hormigoizko ontzietan ez da aktibitate erradioaktiborik antzeman. 

Ontzi horiek zortzi urtez mugitu gabe egon dira, beraz, dokumentatuta ez dagoen aspaldiko isuri baten gainean. Horregatik, hain zuzen, orain arte ezinezkoa izan omen da eremuan neurketak egitea eta kutsadura hori antzematea. Aurkikuntza gertatu zenean, ordea, Nuclenorrek erabaki zuen ez zela beharrezkoa gertakariaren berri ematea, araudiak agintzen duen 24 orduko epea baino lehenago konpondu zutelako afera.  

Sei egun geroago, beste gertakari bat izan zen. Jadanik erabiltzen ez zen hondakinen andel bat kamioi batean kargatzen ari zirenean, "hauts erradioaktiboa" isuri zen kamioiaren gainean. Txostenaren arabera, kasu honetan kutsadura oso txikia izan zen. Andelak jarraitutako ibilbidea garbitu zuten, eskoba eta aspiragailu baten bitartez. 

Sute txikia 

Ez da izan, ordea, aktan jasotako irregulartasun bakarra. Maiatzaren 16an, 12:40etan, "sugarrak" izan ziren iragazki andel bat mozten ari zirenean. Hondakin metalikoen ebaketa egiten den eremuan izan zen gertakaria. Su-itzalgailu baten bitartez amatatu zuten sua.  

Beharginek ez omen zuten kontuan izan bahe horrek iragazteko ehunezko xafla bat bazuela, ikuskariak berak txostenean azaldu duenez. Orduan ere, Garoñako arduradunek erabaki zuten gertakari horren berri ematea ez zela beharrezkoa. 

Bestetik, iragazkian izandako sute txikia eta astebetera egindako ponpa diesel baten tutu malguen azterketan "ebaketa txikia" agertu zen.  

Istripu bat izatekotan, Ebro ibaitik ura hartu eta suteak itzaltzeko balio beharko luke ponpa horrek. 2011n Fukushimako (Japonia) zentral nuklearrean izandako istripuaren ondoren, segurtasun betekizun berriak ezarri ziren. Neurri horien arabera, zentralak halako bi ponpa izan beharko lituzke, baina, 2014ko ikuskapen batean, Garoñako zuzendaritzak argudiatu zuen momentuz ponpa bat izatearekin "nahikoa" zelazentrala ustiaketatik kanpo zegoelako. Ikuskatzaileak nabarmendu duenez, tutu horien diametroa ez zetorren bat suteen aurkako araudiarekin, eta horien inguruko dokumentazioan ere ziurtagiriak falta ziren.  

Txostena atzo zabaldu bazen ere, ikuskatzaileak uztailaren 27an idatzi zuen, Espainiako Gobernuak Garoñaren itxiera ezagutarazi baino bost egun lehenago, hain zuzen.  

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago