Oihana Ameskua: "Filosofiak beti egin du aurrera, galdetzea berezkoa dugulako"

Anakoz Amenabar 2017ko uzt. 27a, 17:00

Filosofia irakaslea da Oihana Ameskua. /Alea

Hezkuntza planek ezinegona piztu dute eskoletan filosofiak izango duen egitekoaren inguruan; ezinegon horrek, ordea, elkarlana bultzatu eta mahai gainean jarri du ikasgaiaren beharra.

 

Hezkuntza plan berriek Filosofiaren Historia ikasgaian ekarriko dituzten murrizketek kezkatuta, hainbat lagun elkartu dira filosofiaren aldeko lanean. Besteak beste, Filosofiaren defentsak liburua kaleratu dute disziplina askotariko lagunek, eta pentsamenduaren aldeko solasaldiak plazara eraman nahi dituzte. Oihana Ameskua (Agurain, 1981) filosofia irakaslea da sustatzaileetako bat.

Esanguratsua da elkartu eta filosofiaren defentsa egiteko liburua aurkeztea.

Iazko ikasturtearen testuinguruan sortu zen. Filosofiarentzat esparru berri bat ekarri zuen Lomcek, eta horrekin batera murrizketak Batxilergoan ematen den Filosofiaren Historia ikasgaian; orain arte derrigorrezkoa izatetik hautazkoa bilakatuko zen. Marko berri horretan iruditzen zitzaigun Lomcek eta Heziberrik bazekartela jarrera bat filosofia eta orohar pentsamendu kritikoaren aurrean, eta kezka horrek mugituta hasi ginen irakasle batzuk elkartzen. Ekimen desberdinen artean Filosofiaren defentsak izenarekin hitzaldi batzuk antolatu ziren Donostian, Bilbon eta Gasteizen, ikuspegi desberdinetatik filosofiaren onurak aldarrikatu zuten hizlariekin, gero liburuan jaso direnak. 

Ikasgaia "hezurretan" utziko duela aipatzen duzue liburuan.

Bai, guk ikusten dugu aurretik geneukana ere ez zela agian desiragarriena, baina "hozkada" honek nahiko pobre uzten du filosofiaren presentzia Batxilergoan. Izan ere, lehenengo mailan mantentzen da, baina bigarrenean ikasle askok eta askok, nahiz eta gogoko izan, gero egingo duten ibilbide akademikoa kontuan harturik, modu batean behartuta ikusten dute beren burua filosofiari uko egitera. Uste dugu, bestalde, nerabezaroa badela garai garrantzitsua pentsamenduaren bide horiek jorratu ahal izateko.

Zergatik baztertzen dute filosofia? Zergatik erabaki hau?

Zergatiak, egia esan, eraiki behar ditugu, erantzunak ez direlako garbiak. Eta arrazoi desberdinak izan daitezke. Esaterako, ikusten dugu filosofiaren murrizketa honek, aldi berean, ekarri duela erlijio ikasgaiaren indartze bat; erlijioa Batxilergoan hautazko moduan agertzen da, baina errebalida frogan ikasleek erlijio frogari ez diote aurre egin behar. Esan genezake hautazko ikasgaien artean erlijioa bihurtu dela "lehiakide desleial" bat. Ez dakit zenbaterako pisua izan dezakeen arrazoi horrek baina bada faktore bat. Harago joanda, halere, eskolaren eraberritze batean gaude; Lomcek, ustez, hori nahi izan zuen, eskolari beste norabide bat eman, eta kezkatzen gaituena da etorkizuneko hiritar horiek, gizarte hori  nola irudikatzen duen hezkuntza lege horrek. Izan ere, hezkuntza lege bakoitzak proiektatzen baldin badu gizaki eredu bat, humanitateak eta konkretuki filosofiak pisu gutxi duen curriculum batek halako gizakia irudikatzen du.

Hartu-emanik izan duzue agintariekin?

Agora filosofia elkartean pertsona desberdinak ari dira toki desberdinetatik lanean. Eta, esate baterako, errekurtso bat jarri zuten, eta baita irabazi ere; DBHn balio etikoak ematen dituen ikasgaia filosofiako irakasleei dagokien arlo bat dela aitortu egin dute epaileek. Gero aplikatuko den edo erkidegoan nola geldituko den ikusteke dago. Oporrak tartean ditugu, eta udan badakigu dena pause-n geratzen dela, baina ikusi beharko da irailetik aurrera zer nolako jarrera hartzen duten politikariek ere. 

Nola heldu gara egoera honetara?  Akats historiko bat izan da filosofiarekin? 

Nik ikusten dut akats bat baino gehiago dela. Akats hitzak ematen du kasualitatearen eskutik datorrela, eta kasualitate gutxi dago hemen. Nire ustez jarrera bat da, azkeneko hamarkadatan izan dena; gizakiaren garapenaren beste arlo batzuk bultzatzen dituzten arlo artistikoagoak edo humanitateak deitzen diren horiek han dira, bere horretan murrizketak jasaten. Hezkuntza artistikoa, hezkuntza musikala, hezkuntza plastikoa aspaldi izan ziren zokoratuak, eta logika horren baitan ulertzen dut orain filosofiari egokitu zaiola. Baina ez dut uste akats bat denik; berez, gizarte teknokratiko horretan balioa edo lehentasunak markatzerako garaian, ikasgaien artean badago nolabaiteko sailkapen bat, eta lehenengo postuetan ezagutza teknikoa ematen duten gai horiek daude. 

Zuk zenbat aldiz justifikatu behar izan duzu filosofia ikasi behar zenuela?

Aldi oro. Filosofia ikasten ari nintzela esaterakoan, galdera ia derrigorrezkoa zen: "Zergatik eta zertarako?". Egun, ematen du irakasle izate horrek kobertura bat ematen dizula, baina oraindik ere galdera hori hor dago... 

Eta zer erantzuten diezu? 

Egunaren arabera. Baina batzutan gogoan izaten dut irakasle batek esandakoa. Modu epikoago batean  erantzun nahi badut, aipatzen dut filosofia ez dela "zerbitzaria", Aristotelesek esaten zuen moduan. Beraz, "zertarako balio" ez dela galdera egokia, filosofiak bere horretan duelako balioa, ez du inorentzat edo beste ezerentzat balio, eta horrek berak ematen dio balioa, hain zuzen ere. Filosofia beti dago krisian eta bere burua justifikatu behar horretan, eta beti egiten du aurrera gizakiaren galderak egiteko berezko behar horrekin datorrelako, esango nuke ia naturala dela. Baina justifikatu behar badugu, berriro ere, esango nuke garai hauetan oso oso beharrezkoa dugula; sinistarazi nahi digute abiaduraren garaian gaudela, eta neurri batean bai, baina uste dut irudikatzen dugula errealitate "likido" hori eta bizi garen zurrunbilo hori etenik ez hartzeko, pentsatzeko etenik ez hartzeko. Eta, hain zuzen, filosofiak eten hori behar du eta eskaintzen du.

Sare sozialak badira pentsamendurako plaza? Filosofiarako baliagarri dira? 

Sare sozialak, modu batean, beste eztabaida gune batzuk ordezkatzera etorri dira, eta uste dut osagarriak izan behar dutela. Hutsune bat ikusten diet; sare sozialetan askotan eztabaida baino iritzien berrestea ematen da, eta badago arrisku hori. Sortzen dugun lagun sare sozial birtual horren bitartez, askotan  bilatzen dugu eztabaida bera baino gure iritzia berretsiko duten bestelako iritzi batzuk, eta hor ez dago benetako ideien arteko gatazkarik, egoen handitze bat baizik, beste autore batzuek ere irudikatu duten moduan. Ez ditut sare sozialak demonizatu nahi, ezta gutxiago ere, baina beharbada beste tentakulu batzuk garatu behar dituzte, ez dadin bihurtu tresna narzisista bat.

 

 

Beste testu batzuen artean, Amaia Arenalek politika eta filosofiaren arteko lotura ezinbestekoaz hitz egiten du 'Filosofiaren defentsak' liburuan. Zer dute filosofiatik gaur egungo agintariek?

Filosofia eta politika oso estu lotuta egon izan dira, filosofiaren kezka handiak gizakien arteko elkarbizitzaren ingurukoak direlako, eta bizitza publikoaren gestioaz ere diharduelako filosofiak. Baina iruditzen zait gure politikariek gero eta gehiago perfil teknikoa erakusten dutela, pragmatismoaren izenean oso jarrera utilitaristak agertzen dituztela, eta ez dut esango filosofia, beharbada formazio orokorrago bat opa diet, behintzat humanistagoa. Horren falta bai, sumatzen diet. Askotan oso gidoilari trebeak izaten dituzte askok, eta filosofoen testuetara jotzen dute aipu bat edo beste botatzeko, euren diskurtsoari lotura emateko. Baina benetan irakurri beharko lituzkete testuak, eta oinarri sendoak dituzten filosofo horietara jo, iruditzen zait oso aberasgarria izango litzatekeela.

Oporraldirako zein liburu gomendatuko zenieke?

Gomendatuko nieke bereziki bat, batzuei eta besteei entzuten diedalako azkenaldian: Zygmunt Bauman.Gomendatuko nieke benetan irakurtzea. La modernidad liquida beharbada; izan ere, ez dakit aurten hil den autorea delako, baina iruditzen zait bere izena testuinguru desberdinetan agertzen dela eta ez da beti egoki aipatzen berak esan nahi zuena. Bere ideiak testuingurutik kanpo ateratzen dira, eta modu interesatu batean erabili, benetan ezagutu gabe. Bauman aipatzea primerako iruditzen zait, baina benetan irakurri baldin badute.

Zuk noiz deskubritu zenuen filosofia? 

Umearekin bat datoz galderak, existentziagatiko jakin-min hori oso berezkoa dugu. Deskubrimentua haurtzaroan izan zen ziurrenik, eta jakin-min horrek bazuela nolabaiteko izen bat, "filosofia" alegia, eskolan ezagutu nuen. Filosofiak tratatzen dituen galderak uste dut literaturan edo historian ere ezagutu izan nituela, eskolan. Etapa desberdinetan piztu zait gogoa. Eta, filosofiako liburuekin gogoan dut hasi nintzela Gasteizen zegoen Aukera izeneko liburudenda txiki batean, deskatalogatutakoak eta oso merke saltzen zituenak: Nietzscheren El Anticristo, Ortega y Gasseten El Espectador eta beste hainbat...

'Filosofiaren defentsak' liburuan filosofiaren beharraz hitz egiten duzu, eta baikor agertzen zara. 

Filosofia momentu desberdinetan elikatu izan da krisialdietatik, berriro ere bere burua birplanteatu behar izan duelako, eta niretzat kasu honetan murrizketa honek zerbait ona ekarri badu izan da ezinegon bat sortu duela, gaiari buruz hitz egiten hasi garela, eta inoiz baino gehiago, aspaldian ez bezala, entzuten dudala foro desberdinetan filosofiaz hitz egiten. Baikortasuna hortik dator. Filosofiaren azken espazioa eskola zen, eta filosofiari beste bizileku bat dagokio: plaza. Ezinegonak mugitzen gaituenez, beharbada egoera honek ere ekarriko du kalera berriro bultzatzea. Hori da, behintzat, gure ametsa eta horretan ari gara; pertsona desberdinen artean sinergia bat sortu da, ideia berriekin, eta benetan norabide horretan lan egiteko gogoarekin.

Ikusturte berrira begira, nondik joko duzue? 

Irailean berriz ekingo diogu lanari, elkartu egingo gara. Eta aurreragorako egitasmoa prestatuko dugu.Azaroa amaieran, esaterako, Gasteizen filosofiaren inguruko egun batzuk antolatuko ditugu: hitzaldiak, kafe filosofikoak, tailerrak... Agora horretara berriro eraman nahi dugu filosofia.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago