@ggoikoetxea
Hamazazpi urte bete ditu hileon Bai Euskarari ziurtagiriak. Adin nagusitasunera iristear da, hortaz. Hemezortzi urte aurki, euskalgintzan aldaketa hotsak gero eta gehiago entzuten diren honetan. Garai aproposa da egindakoari erreparatzeko, lortutakoak goraipatzeko eta aukera berriei begira jartzeko.
Nabarmena da indargune handiak sortu dituela ziurtagiriak. Batetik, mila entitateri baino gehiagori modua jarri die euskara txertatzeko beren zerbitzu eskaintzan, horren ziurtagiriarekin. Bestetik, herritarren ikuspegitik, euskarazko zerbitzua ziurtatu die bezeroei, eta euskaraz lan egitea langileei. Euskarazko eremuak identifikatzen ditu ziurtagiriak: badirela erakusten du, badela bermatzen du.
Indargune hori, baina, mugatua da: borondatearen araberakoa. Establezimendu bakoitzaren esku dago eskatu edo ez. Ez dago araurik zerbitzua euskaraz ere ematera behartzen dituenik. Eta, betebeharrik ez dagoenez, bazter utz daitekeen gai bihurtzen da. Argigarri da, adibidez, 2009tik behera ari dela ziurtagiria duten eragileen kopurua. Krisiaren ondorio. Araurik ezean, ezinbestekoa da ziurtagiriren bat duten establezimenduei aitortza egitea arlo publikoan: Gasteizen egindako urratsaren gisakoak eta handiagoak —ostalaritzako eta merkataritzako udal laguntzetan puntuen % 5 eman dituzte euskarazko ziurtagirien arabera—. Helduleku bat hor du ziurtagiriak: izan dezala babesa esparru publikoan, har dezatela aintzat.
Euskaraz dakiten herritarrak gero eta gehiago dira: euskaraz zerbitzu emateko gai diren langileak gero eta gehiago dira. Hala ere, horrek berak, besterik gabe, nekez ekarriko du euskararen erabilera areagotzea edo zerbitzua bermatzea: hizkuntza irizpideak behar dira. Bezeroen artean ere gero eta gehiago dira euskaraz dakitenak, eta bultzatu behar dira zerbitzua euskaraz eska dezaten. Hizkuntza ohituretan eragin, azkenaldian maiz aipatzen denez. Bai Euskarari itsasgarriak egoki dira horretarako.
Jauziak emateaz hitz egiten da, sinergiak bilatzeaz. Bai Euskarari-ren hausnarketa estrategikoak dioen eran, ezinbestekoak dira «elkarrekiko aitortza, osagarritasuna eta homologazioa». Eta euskara ziurtagirietan bada distortsio bat Bai Euskarari-ren eta Bikainen artean —orain hamar urte sortu zuen Jaurlaritzak Bikain—. Ez dira igualak, baina badituzte antzekotasunak. «Aitortza, osagarritasuna eta homologazioa». Ezinbestekoa da gutxieneko sinergia batzuk bilatzea. Garai aproposa da egitekoei erreparatzeko, lorpenak irabazten hasteko eta aukera berriak sortzeko.
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.