“Serbitzuk Bai esan dio euskarari. Bai zerbitzua euskaraz eskaintzeari”

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2017ko uzt. 25a, 09:39

 

2011n euskara modu integralean txertatzen hasi ziren Serbitzun, EMUN aholkularitzarekin garaturiko euskara planaren bidez. Bai Euskarari Ziurtagiria dute eta argi dute euskara dela euren bereizgarria, gaurko eta etorkizuneko balio erantsia. Iñaki Maiztegirekin, Euskara Planaren koordintzailearekin izan gara, prozesua eta emaitzak gertutik ezagutzeko.

 

Iñaki Maiztegi - Serbitzuko Euskara Planaren koordinatzailea

 

Euskara izan da hasieratik ardatz nagusi Serbitzun. Zergatik eta nondik hasi zineten? 

Euskal Herrian eta bereziki Gipuzkoan kokatutako zerbitzu enpresa bat gara eta euskara gure aktibitatearen balio bat gehiago da. Gainera, bezeroa administrazio publikoa da, eta azken hartzaileak Gipuzkoako herritarrak, gehiengoz euskaldunak. Lehenengo urratsa euskararen egoeraren diagnostiko bat egitea izan zen. Horretarako hainbat neurketa egin ziren: errotulazioa, webgunea, barne dokumentazioa eta komunikazioak. Hobetu beharreko puntuak identifikatu eta ekintza plan bat diseinatu genuine. 

Euskara planaren oinarriak “erabilera, ezagutza eta motibazioa” direla diozue? 

Hainbat urte pasa eta gero, erabilerari lotutako ekintza “formalak” egiteaz gain, presentzia gutxien zuten arloak lantzen hasi ginen. Horretarako, lehenengo urratsa langileen konplizitatea lortzea izan zen, eta motibazioan eragiten saiatu ginen. Gainera, euskara ikastera edo hobetzera animatzen ziren langileei euskaltegiko matrikula diruz laguntzen hasi ginen eta horrek euskararen aldeko giroan eragin positiboa izan zuen. Zenbat eta gehiago ezagutu, gehiago maitatzen da hizkuntza, eta gehiago erabiltzen da,  eta alderantziz. Serbitzun ere azken helburua erabilera da noski,  baina ezagutza eta motibazioa lantzea ere beharrezkoak dira euskara lan hizkuntza izateko. 

Nola egokitu prozesua langilearen egoera eta beharren arabera? 

Batetik, euskalduntze prozesuetan dauden langileak daude. Horien kasuan enpresa arduratzen da  bakoitzaren formazio beharra kudeatzeaz. Ikasteko dituzten baliabideen inguruko informazioa eskaintzeaz gain, euskaltegiko matrikula ordaintzen zaie. Bestalde, badaude euskaltegira joaten ez diren langileak, baina enpresan euskararen ezagutza lantzeko ekimenetan parte hartzen dutenak. 

2013. urtean Bai Euskarari Ziurtagiriaren “Zerbitzua Euskaraz” maila eskuratu zenuten. Zertan lagundu dizue Bai Euskarari Elkartea bidelagun bezala izateak? 

Eskara Planarekin hasteko borondatea enpresan bertan sortu bazen ere, beti behar dira erronka edo helmuga berriak aurrera egiteko, Bai Euskarari ziurtagiria tresna garrantzitsua izan da hobekuntzarako eta errekonozimendu gisa. Teknikariarekin egindako elkarrizketetan jarraipen zehatza egin izan diegu lorpenei dagokienez, eta helburu berriak jartzen ere lagundu izan digute. Akuilu lan polita egiten dute gure konfort egoeratik aterarazi eta urtez urte garatzen jarrai dezagun.  

Aitzindariak zarete Azkoitian euskara plana duzuenon artean. 

Agian gure bereizgarria gure aktibitatea bera da. Bezero dugun administrazio publikoak barneratuta du euskararen erabilera eta gure enpresarekin duten komunikazioetan presentzia handia du euskarak. Bestalde, herritarrekin zuzeneko harremana izaten dugu sarri eta gu aritzen garen herrietako asko oso euskaldunak dira. Horrenbestez beharrezkoa dugu horri modu egokian erantzutea eta gure zerbitzua euskaraz bermatzea. 

Prozesu honetan, oztopo nabarmenik? 

Oztopoetako bat hobetzekoak genituela ez jakitea izan zen. Uste genuen erakundean euskaraz lan egiten genuela, baina neurketak eta diagnostikoa egin genituenean konturatu ginen ez zela horrela. Hori izan zen gainditu genuen lehen oztopoa, egoeraren kontzientzia hartzea. Beste bat euskaldundu nahi ez duten pertsonek prozesua ez onartzea da, eta hau bereziki zaindu beharreko puntua da. Horregatik, hasieratik sentsibilizazio lan handia egin genuen, prozesua pertsonalki eta profesionalki garatzeko aukera bat zela nabarmentzeko.

 

Osorik irakurri

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago