"Euskaraz lan egiteak askotariko bezeroak artatzeko aukera eskaintzen digu"

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2017ko uzt. 24a, 15:13

ERROTA Hortz klinikako dentista eta higienista dira hurrenez hurren Ane eta Naroa ahizpak. 2015ean hasi zen Ane klinikan, Inma Esnaola izebak animatuta, eta ondoren hasi zen Naroa. Julian de Apraiz kalean dute Hortz Klinika, Gasteizko Alde Zaharretik oso gertu. 

Ane eta Naroa Amenabar - Errota Hotz klinika

 

Arabako Merkataritza eta Zerbitzuetako enpresarioen (AENKOMER) aitortza jaso berri duzue, zein balorazio egiten duzue? 

Guk naturaltasun osoz egiten dugu euskaraz lan eta naturaltasun horrek jaso du saria. Egia da aitortza honek gure bidea indartzen duela. Gauzak ondo egiten ari gara, kalitateko zerbitzua eskaintzea da gure helburua, eta kalitatearen parametroetan euskararen erabilerak garrantzi handia du. 

Nola baloratzen dute gasteiztarrek euskararen alde egiten duzuen ahalegina? 

Argi dago horrelako sariek indarra ematen digutela eta gure bezero eta ezagunek baloratzen dutela. Guk euskararen erabilera oso barneratuta daukagu gure egunerokotasunean eta agian ez gara konturatzen, baina jendeak baloratzen du, dudarik gabe. 

Zer da euskara zuentzat? 

Euskara gure hizkuntza da. Euskaraz lan egiteak motibatzen gaitu eta gure ingurukoak motibatzen ere saiatzen gara. Urte hauetan guztietan konturatu gara badirela Gasteizen euskaldun asko, itzalean, euskara egunerokotasunean erabiltzen ez dutenak, baina jakin badakitenak. Horiek askotan ez dute espero Hortz Klinika batean euskaraz aritzeko aukera izatea eta pozten dira. Guk lehenengo hitza, beti euskaraz. 

Zein balio eransten dio euskarak zuen zerbitzuari? 

Euskara gehigarri bat da, zerbitzuaren kalitatea hobetzen du, dudarik gabe. Puntako tresneria, ortodontziak egiteko gailu bikainak… hori guztia eskertzen du bezeroak, baina euskara ere kalitateko zerbitzu horren barne dago. 

Bai Euskarari Ziurtagiria ere baduzue, ezta? 

Bai, badugu. Hortz Klinikan lanean ari garen guztiok ez dakigu euskaraz, baina saiatzen gara gure komunikazio guztietan erabiltzen. 

Eta euskarak zer eskaintzen dizue? 

Euskaraz lan egiteak askotariko bezeroak artatzeko aukera eskaintzen digu. Bezero perfil mota asko daude eta euskaldunak zerbitzua euskaraz jaso nahi izaten du. Horrexegatik, euskaldun asko dator gurera. Oro har, gure arloa erabat erdalduna da. Unibertsitatea, literatura guztia, berrikuntzaren esparrua, kliniken eta zerbitzuen arloak kontuan hartuta erdara da nagusi. 

Bai Euskarari Elkarteari zer eskatzen diozue? 

Gasteizko enpresa arlokoei, merkatariei, zerbitzuen arloan dihardutenei esango nieke euskaraz egin dezaketela lan eta Bai Euskarari Elkarteak hori erraztu dezake. Euskaldunen eskubideak errespetatu behar ditugu. Ziur gara merkatari asko daudela euskaraz moldatuko liratekeenak eta horiei guztiei aholkatuko genieke saiatzeko eta euskara ere erabiltzeko. 


Deskargatu Bai Euskarari Aldizkaria (22. alea) hemen

Osorik irakurri

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago