Master eta doktorego programetan matrikulatuta dauden unibertsitate ikasleek parte hartu ahal izango dute Sancho el Sabio Fundazioak deitu duen euskal gaiei buruzko unibertsitate lehiaketan.
Aukeratutako gaia edozein arlokoa izan daiteke: besteak beste, kultura, zientzia, historia, geografia edo literatura dira aukeran dauden arlo horietako batzuk.
Ikerketa egiteko, Fundazioren fondoak kontsultatzea ezinbesteko baldintza izango da. Izan ere, Fundazioaren fondoen erabilera sustatzea du helburu deialdiak. Fondo hauek "bibliografikoak, hemerografikoak edo beste edozein motatakoak" izan daitezke, erakundeak zabaldutako ohar baten arabera.
1964tik aurrera, monografiak, aldizkako argitalpenak, argazkiak, eskuizkribuak, mapak edo familia dokumentazioa gordetzen ditu Fundazioak.
Lanak urriaren 31 baino lehen entregatu behar dira Fundazioaren egoitzan, eskura, postaz edo beste edozein baliabidez.
Parte-hartzen dutenek 1.000 euroko saria lor dezakete. Epaia azaroan ezagutaraziko da eta lanak Fundazioaren aldizkarian ere argitaratuko dira.
Sancho el Sabio Fundazioak 1998tik etengabe burutu du euskal gaiak ikertzeko deialdi hau. Lanak euskaraz, gaztelaniaz edo frantsesez idatziak izan daitezke.
Bestetik, aurten parte-hartzaileen ikasketa zentroko irakasle batek bermatu beharko ditu lanak.
Lehiaketaren oinarriak interesa duen edonoren eskura daude Sancho el Sabio Fundazioaren egoitzan eta www.sanchoelsabio.eus webgunean.