Datorren urriaren 21ean ospatuko da Askerock musika jaialdiaren lehen edizioa, Mendizabalan. Adierazi duten bezala, ekimena "arabar errepresaliatu askok bizi duten salbuespen-egoerak eta eskubide urraketek sorrarazitako kezkaren ondorio da".
Hala, Ez gara libre izango haiek aske izan arte lelopean, bi helbururekin sortu da jaialdia. Batetik, pairatzen dituzten orotariko egoerak jendarteratzea eta salatzearekin batera, errepresaliatuen senideei eta laguneei elkartasuna helaraztea. Bestetik, sakabanatze-neurriek eragiten dituzten gastuak arintzea.
Oraingoz, zortzi talde izango dira agertokira igoko direnak. Euskal herriko musika-taldeen artean, Willis Drummond, Eskean Kristo, Esne Beltza eta Bad Sound izango dira, eta kanpokoei dagokienez, Riot Propaganda, Txarango eta Zoo.
Sarrerak
Aurretiaz erositako sarrerak 16 euroan eskuratu ahal izango dira, ohiko salmenta-puntuetan edo Internet bidez. Datozen egunotan iragarriko dituzte sare sozialetan sarrerak eskuratzeko salmenta-puntuak.
Era berean, egunean bertan erosteko aukera egongo da, 22 euroan. Gainera, sarrera aurkeztean, bertaratukoei edalontzi berrerabilgarri bat oparituko zaie.