Etxebizitza berriaren eskriturak euskaraz egin nahi genituenez, lehenik eta behin GEU elkartearekin hasi ginen harremanetan. Elkartekoek euren artean galdetuagatik ere, erantzun ziguten ez zutela ezagutzen notario euskaldunik Gasteizen; duela bi urte dokumentu ofizial batzuk euskaraz egin nahi izanda, azkenean Bilbora jo behar izan zutela.
Hala, mailegua Laboral Kutxak ematea adostu genuenez, banku horren Legutioko Ateko bulegoko Adolfo Bolinaga eta Eduardo zuzendariari adierazi genien gure nahia, euren erantzuna baietz, batetik edo bestetik lortuko zutela.
Azkenean iritsi zen eskriturak sinatzeko eguna, uztailaren 17a. Han elkartu ginen saltzaileak, gu geu erosleak, Laboral Kutxaren ordezkari gisa Iker Atxa, Francisco Rodriguez-Poyo notarioa eta bertako langile euskalduna den David. Azken honek esan zigun Gasteizko Jabetzaren Erregistroaren 3., 4. eta 5.bulegoetan aurretik ez zituztela inoiz eskritura horiek euskaraz ikusi (1. eta 2. bulegoetan ez zuen galdetu, ezta geuk ere). Beraz, beharbada Gasteizen euskaraz egindako lehenengo etxebizitza salerosketa izan da astelehen honetakoa, guk horren berririk izan gabe.
Ixone eta biok arras pozik gaude, ez hainbeste lehenengoak, bigarrenak edo hamaikagarrenak izateagatik, baizik eta gure nahia, dokumentu hain garrantzitsu hauek euskaraz egitea zelako. Koherentzia kontua izan da batik bat, gu biok euskaraz bizi garenez, ahal dela, kontu inportanteetan ere horrela jokatzen dugulako. Lizardi poetak zioena gauzatu dezagun: "Baina nik, hizkuntza larrekoa, nahi haunat ere noranahikoa."
Bukatzeko, zeu ere animatzen zaitut: euskaraz egitea posible denez, egin egin behar da!