Kartzelan ia 30 urte bete dituzten presoak elkartu, eta euren istorioekin josi du Ander Zurimendi (Gasteiz, 1985) kazetariak Recoja sus cosas liburua. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak bertan behera utzi zuen Parot doktrina 2013an, eta, ondorioz, Espainiak hainbat preso askatu behar izan zituen; kalera irten eta hilabete batzuk beranduago izan zituen solasaldiak Zurimendik, espetxealdian bizi izandakoaz eta kanpoan aurkitutakoaz.
"Jaso zure gauzak" esaldia da hainbat pertsonaia eta istorio batzen dituena. Zer dago esaldi horren atzean?
Esaldi horrekin 25 urteko "izoztea" amaitzen da. Elkarrizketako presoek esaten dute kartzelara sartzen direnean nolabait izoztuta geratzen direla, eta kalera ateratzeko azkeneko pausoa da hori. Solasaldietan behin eta berriz agertu zen esaldi da, eta argi nuen liburuaren titulua izango zela.
Hogeitaka urte preso izan diren bost lagunekin izan zara. Zein elementu errepikatzen dira?
Denek dute antzerako profila; gazte atxilotu zituzten, eta edadetuta atera dira kartzelatik. Politikoki ere, ideia batzuk zituzten espetxean sartu zirenean, eta ildo politiko horri eusten diote; Euskal Preso Politikoen Kolektiboak hartutako erabakiekin bat datoz, eta borrokan jarraitzen dute. Izan zitekeen gazte zirela gauza bat pentsatu eta orain ikuspegi erabat desberdina izatea, baina hauetan ez da hala izan. Ideia politikoez harago, eta nik denbora batez ikusitakoagatik, esango nuke oso arin egokitu direla bizitza berrira; hori, euren miseria eta zailtasunekin.
Egungo gizartea "indibidualistagoa" dela diote, besteak beste...
Mugimendu sozialetan edo politikan gabiltzan gazteok hori irakurtzerakoan injustua dela pentsatuko dugu, elkartasun handia nabari dugulako gure eguneroko praktika politikoan, baina benetan hori da sentitzen dutena eta beharbada arrazoi izango dute, gizarte modura berekoiagoak garela.
Teknologiak ere txundituta utzi ditu kartzelatik irteterakoan.
Bai, erabat. Eta gai honekin bada pasadizo bat erakusten duena lehen aipatutako egokitze edo erresilientzia hori, edozerri aurre egin eta moldatzeko gaitasuna. Elkarrizketak egin genituen garaian ia arrotza egiten zitzaien telefonoa, eta orain, liburuaren aurkezpenekin batera, mobilari engantxatuta daude 15 urteko gazte batzuk bezala. Gizakiak egokitzeko gaitasun handia du; bai txarrerako, kartzelan egoteko, eta baita onerako ere, senideekin zituzten harremanak hobetzeko...
Badira deigarri zaizkien gauza txikiak ere, dendan fruta norberak pisatzeko aukera izatea, esaterako...
Fernando Etxegaraik –elkarrizketatuetako batek– esaten du askatasuna dela gauzarik onena ateratzerakoan, baina ez askatasuna hitz handi bat bezala, baizik eta edozein gauza egiteko askatasuna, edozein unetan egiteko gaitasun edo aukera hori. Kartzelan ez dutelako inolako erabakitzeko aukerarik, eta pertsona "otzan" bilakatzen direlako.
Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 114. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.