alea.eus

Zama emakumeentzat, negozioa Maroko eta Espainiarentzat

Mugak Zabalduz 2017-07-19 17:33   Iritzia  Araba

Melillan da Mugak Zabalduz karabana; Ongi Etorri Errefuxiatuak Arabako hainbat kide daude han.

Zama emakumeentzat, negozioa Maroko eta Espainiarentzat
Emakume zamariekin egoteko aukera izan du ordezkaritza batek. / Jon Aranburu | Ikusi handiago | Argazki originala

Mugak Zabalduz karabanaren bosgarren egunean, Espainia eta Marokoren arteko mugako negozioaren bi alde ezagutu ditugu: ate nagusi eta legaletik doazen merkantzien eta pertsonen joan etorria, eta ez oso urruti komertzio atipikoa deituriko errealitatea. Halere, bietan errealitate berdina: emakume zamariek 60 kilotik gorako zamak barraiatzen 3 euroren truke. 

Karabanaren lehenengo geltokian, Melillako Barrio Chino delakoan, denok ezagutzen duten komertzio klandestinoa da nagusi. Horregatik Guardia Zibilak Karabana igarotzea galarazi du, horren testigantza ezkutatzearren. Negoziazio luze baten ondoren karabanaren 5 emakumek osatutako ordezkaritza batek emakume zamariekin egoteko aukera izan du. Hori bai, telefono mugikor eta kamararik gabe.

Bisita fikziotzat jo dute behatzaileek. Halere, tentsioa nabaria izan da, eta hori ondo islatzen du emakume zamari baten testigantzak: “Inoiz ez bezala Poliziak utzi digu gure lana egiten”. Karabanisten aurrean, polizia berak itxurak eginez, euren porrak gorde eta “lagundu” gaituzte bisitan. Izan ere, bake faltsu horrek gutxi iraun du eta zuzenean ikusi ditugu emakume zamarien kontrako erasoak eta errepresioa. Zehazki identifikatu gabeko gizon batek emakume bat eraso duela eta, bihar salaketa bat aurkeztuko du Mugak Zabalduz Karabanak Melillako Gobernu Ordezkaritzan. 

Bestalde, Beni Azar eta Nador herrien arteko muga “ofizialean” ikusi dugun errealitatea ez da oso diferentea. Horretan gizon zamariak nagusi dira, eta testigantzak jaso ahal izan ditugu muga gurutzatu dugunok. Hor ere Poliziak badu mugak ixteko eta irekitzeko ahalmena; eta une batzuetan karabanistok itxaron behar izan dugu ireki arte. Halere, ezin alderatu, gu pasaportedun pribilegiatu mendebal hiritarrok, bertako pertsonek jasan behar dutenarekin. 

Goizeko 5etatik mugan egoten dira zamariak irekiaren zain, eta une horietan ere eremuaren estutasunak direla eta, emakumeek pairatzen dute giroan nabaria egin zaigun indarkeria matxista.

Arratsaldean joatekoak gara CETI eraikinaren alboan dagoen futbol zelaira, eta bertan adin txikikoekin futbolean jolastuko dugu, kirolaren bidez horien errealitatea ezagutu dezagun. Eta horren ostean, denok elkarrekin, isiltasun-zirkuluan parte hartuko dugu. 

Bihar, uztailak 20, manifestazioa antolatu dugu Melillako erdigunean.

 

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa