Datorren uztailaren 23tik 31ra grebara deitu dute Arabako kirol jardueretako langileek. Bi urte daramatzate hitzarmena berritzeko ahaleginetan, baina ezinezkoa zaie akordio batera heltzea. Behargin hauen artean, igerilekuetako sorosleak, begiraleak, instalazioetako sarbidean dauden langileak eta zaintzaileak aurkitzen dira.
Langileek adierazi dutenez, "kolektiboaren parte handi bat pairatzen ari den egoera mingarria da oso". Zenbait langileren soldata orduko 6,22 eurokoa dela salatzen dute. Era berean, udako denboraldian lan egiten duten hainbat langile astero enpresaren esanetara daudela zehaztu dute: "eguraldiaren arabera, lan egiten dugu, edo etxean geratzen gara kobratu gabe". Era berean, sindikatuek guardien ordainketa ere erregulatu nahi dute.
Horrez gain, sorosleek eta kirol begiraleek azken zortzi urteetan soldata izoztuta izan dutela salatu dute. Langileen asmoa sektorearekin akordio batera iristea da, eta hitzarmena enpresa guztiengan eragina izatea.
Gauzak horrela, "egoeraren erantzule nagusia Udala" dela adierazi dute, eta beste alternatibarik ez dutelakoan, greba deitu dute igandetik aurrera.