“Euskaraz lan egiten dugunok enpresen aitortza handiagoa jaso beharko genuke”

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2017ko uzt. 17a, 13:17

Arabako ‘La Previsora’, Bizkaiko ‘Mutua Vizcaya Industrial’ eta Gipuzkoako ‘Pakea’ dira Mutualiaren sustarrak. 2006an bat egin zuten eta Mutualia sortu zen. Gaur egun, mutua erreferentea da Euskal Autonomia Erkidegoan eta % 43ko merkatu kuota dauka. Ignacio Lekunberri bilbotarra da zuzendari orokorra, 30 urte daramatza Mutualian, kargu ezberdinetan. Badira bi urte itsasontzia eramateko ardura hartu zuela.

 

Ignacio Lekunberri - Mutualiako zuzendari orokorra

 

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lehenengo mutua zarete, % 43ko merkatu kuotarekin. Azken urteetan asko hazi zarete, ezta? 

Bai. Baina, haztea ez da gure helburua. Gure helburuak dira, zerbitzuen kalitatea hobetzea, eraginkorragoak izatea, bezeroen gogobetetze maila handitzea, gure pertsonen asebetetzea handitzea eta gure marka hobetzea. 

Mutuen sektorean, ordea, helburu konplikatuak dira horiek, bereziki markaren ospearen hobekuntzarena. 

Mutuen sektorea konplexua da. Estatuan 20 mutuek elkarrekin egin beharko genuke lan mutuen irudia hobetzeko. Oro har, mutuek ez dute erreputazio onik. Kaleko iritzitik aldenduta Mutualiaren bezeroek, ordea, bestelako iritzia dute. Hau da, Mutualiaren bezeroen % 95 oso pozik daude. Edozelan ere, ez da ahaztu behar gure zerbitzua istripua izan duen langileak jasotzen duela, eta egoera hori ez da samurra izaten. Oro har, hiritarrek zerbitzu ona jasotzen badute, ez dute txalotzen; zerbitzu txarra jasoz gero, ordea, edozeinek zabaltzen du iritzi negatiboa. 

Zein da Mutualiak eskaintzen duen zerbitzu mota? 

Guk bi bezero mota ditugu, pertsonak eta enpresak. Langileak zuzenean gure zerbitzua jasotzen du eta enpresak asegurua egiten du. Eskaintzari dagokionez, bi prestazio mota eskaintzen ditugu. Bat ekonomikoa eta, bestea, osasun arreta. Langile batek istripu bat izaten badu eta bajan baldin badago, ordaindu egiten diogu baja hori eta, gainera, asistentzia sanitarioa ematen diogu. Altan egonda ere, osasun arreta bermatzen zaio. Euskal Autonomia Erkidegoan 18 zentro ditugu zerbitzu hori eskaintzeko. 

Euskararen arloan ere, dinamikoak zarete. Estrategia aktiboak bideratu dituzue eta, besteak beste, Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu duzue. 

2011n egindako Plan estrategikoan ikusi genuen euskararen presentzia txikia zela eta neurriak hartu behar genituela. Gure langileen arteko eta bezeroarekiko harremana euskaldunagoa izatea nahi genuen. Guk mutua euskalduna izan nahi genuen eta handik aurrera bitartekoak ipintzen ari gara hori lortzeko. Euskarak bereiztu egin behar gaitu. Hala, orain dela urte batzuk diagnostikoa egin genuen eta ondoren etorri ziren politika linguistikoaren definizioa, euskara plana, euskara taldearen sorrera... Hori horrela izanik, euskara taldeak proposatu zion zuzendaritzari euskararen arloko politika eta estrategiak. Eta hori guztia praktikara eramateko, dinamizatzailearen lanpostua ere sortu genuen, adibidez. 

 

Noiztik ari zarete euskararen sustapenean lanean? 

Enpresaren lehenengo Euskara Plana 2012-2014an jarri zen abian, eta bigarrena, une honetan indarrean dagoena, 2015-2020 garaiari dagokio. Une honetan gure lankideak formatzen ari gara enpresan bertan eta lan orduetan. Ikastaroetan ditugun langile kopurua igotzen joan da, 47rekin hasi ginen eta, gaur egun, 76 daude prestakuntza jasotzen. Gainera, enpresa-itunetan ere, euskara ikasteko baliabideak eskaintzen dira. Gure taldeko norbaitek euskara ikasi nahi duela esaten badigu, eta Mutualian bertan ez badauka aukerarik egiteko (ordutegia dela, maila dela…), euskaltegiko matrikularen % 100 ordaintzen zaio. Barnetegietara joateko aukera ere eskaintzen die Mutualiak bere langileei. 

Euskararen ikasketa prozesu horretan zuzendaritzak eredu izan nahi du, ezta? 

Halaxe da, bai. Zuzendaritza taldeko erdia baino gehiago euskaldunak edo euskalduntzeko prozesuan ari dira (orotara 21 pertsona gara). Egunerokotasunean partekatzen dituzuen dokumentu eta gainerakoak ere euskaraz dituzue. Ia gure dokumentazio guztia, baliabide informatikoak, materialak... euskaraz eta gaztelaniaz ditugu. Edozelan ere, guztia euskaraz izateko prozesua luzea izango da, dokumentu eta txosten asko baititugu eta ohitura aldaketa eragin behar delako. Lan horretan Bai Euskarari Ziurtagiriaren `Bidean´ agiria jaso dugu eta lagungarria izango da guretzat. Oraindik, bigarren euskara planaren erdian gaude eta helburua da bai kanpo harremanak zein barne harremanak euskalduntzea. Hizkuntza eskubideei erantzun nahi diegu; euskaraz lan egin nahi duenak euskaraz lan egiteko aukera izan behar duelako eta euskaraz zerbitzua jaso nahi duenak eskubidea duelako. 

Euskara balio bat da baina badituzue beste batzuk. 

Hurbiltasuna, gardentasuna, profesionaltasuna, abangoardismoa, eraginkortasuna eta taldea... horiek dira gure balioak eta euskarak gure zerbitzu zein egunerokotasunean hori guztia ematen du. Mutualiako pertsona guztiek erabaki dute horiek izango direla gure balioak. Guztion artean erabaki dugu. 600 pertsona gara EAEn eta lan handia egiten ari gara gure marka eta balioen arloan. Euskararen arloan proiektu bateratuetan ere parte-hartzen duzue. Euskararen arloan ahalik eta gehien batzen saiatzen gara. Osakidetzarekin elkarlanean ari gara. Identifikazio sistemarekin hasi ginen eta ondoren sinatutako akordioari esker, baliabideak tartekatzen ari gara. Jendaurrean erabili proiektuan ere parte hartzen dugu. Era berean, “Osasuna eta hizkuntza” izeneko EHUren Udako ikastaroan parte hartuko dugu. Eusko Jaurlaritzarekin eta Osakidetzarekin batera plazaratu genuen fisioterapeuten hiztegia euskaraz. Ikusten duzunez, badira euskara sustatzeko hartzen ari garen neurriak eta sustatzen ditugun proiektuak. Komunikazioaren arloan ere euskara erabat integratuta duzue. Komunikazioaren arloan hedatzen ditugun eduki guztien % 80 euskaraz argitaratzen ditugu. Guk, normalean, EAEn zein Madrilen erantzun eta komunikatu beharra daukagu eta badaude eduki batzuk soilik gazteleraz sortzen direnak, Madrilera begira. Hona bideratuta dauden guztiak euskaraz izaten dira. Sare sozialetan ere bi kontu ditugu, euskaraz eta gaztelaniaz, eta aldizkaria ere badugu, elebiduna. 

Ahalegin horrek guztiak gizarte zein enpresen aitortza izango du, ezta?

Ez pentsa. Penagarria da merkatuak ahalegin hau ez saritzea. Euskaraz lan egiten dugunok hemengo enpresen aitortza handiagoa jaso beharko genuke, baina batzuek ez digute aukerarik ematen, nahiz eta bere politikan euskara garrantzitsua izan. Elkarri lagundu beharko genioke eta euskara oinarrizko irizpide gisa erabili beharko litzateke. 

Etorkizunera begira, zer?

Hizkuntza ohiturak aldatzea da gehien kostatuko zaiguna. Euskara arlo pribatutik arlo publikora eraman behar dugu. Hemendik aurrera euskara gaitasuna lortzeko prestakuntza guztiz lotuta egongo da gure laneko zereginekin. Horrekin bermatu nahi dugu normaltasun osoz Mutualian euskaraz lan egin ahal izatea. 

 


Deskargatu Bai Euskarari Aldizkaria (22. alea) hemen

Osorik irakurri

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago