Gazterock, biharko rock izarren sorleku

Esti Lanao 2017ko uzt. 14a, 12:03

Gazterock 2008an Gasteizen sortutako udaleku bat da. Hamabi egunez, leku desberdinetatik gerturatutako 15 eta 17 urte bitarteko gazteak rock musikan murgiltzen dira, ekintza desberdinen bidez.

Uztaileko lehenengo egunak dira Gasteizen. Gazte gehienak dagoeneko desira handiarekin itxaron dituzten oporretan murgilduta daude. Batzuek eguraldi ona aprobetxatu eta lagunekin edo familiarekin hondartzara zein igerilekuetara joateko planak egiten dituzte. Besteak, ordea, herrira doaz. Badira udalekuetara doazenak ere. Ohituta gaude hitz hori entzutera, hots, udalekua. Ziurrenik, askorentzat ezagunak izango diren elementuak etortzen dira gure buruetara: bisera, kantinplora, praka motzak... betikoa. Baina Gasteizen badago ohiko udalekuekin zerikusi handirik ez duen bat: Gazterock.

Gazteriaren Foru Erakundeak  Hell Doradorekin batera 2008. urtean antolatutako udalekua da. Leku desberdinetatik etorritako gazteak elkartu eta, hamabi egunetan zehar, rock musikaren grina gorputzean sartzen saiatzen dira antolatzaile eta begiraleek. Aurten, euskal herritarrei, Extremadura, Galizia, eta Madrilgo gazteak batu zaizkie. 

Eta horrela bederatzi urte daramatzate. Ia hamarkada bat Gasteizko eta bestelako lekuetako gazteria rock izarretan bihurtu nahirik, egun gutxi batzuk besterik ez badira ere. 

Gozatuz ikasi

Gazterockek betiko udalekuek duten helburua haratago eramaten du. Udalekuaren antolatzaile eta begirale den Egoitz Contek dioenez, "gazteek ondo pasatzeaz gain, haien artean musikarekin erlazionatutako gauzak eta haren kultura sustatzeko asmoa dugu". Oierrek hirugarrenez parte hartu du udalekuetan, eta filosofia hori barneratu du lehenengo egunetik. Orain arte ikasi dituen gauzen artean besteek gustoko duten musika mota errespetatzea izan da. Izan ere, "denok nahi dugu musika jo eta ikasi". 

Helburu hori lortzeko, begiraleek neska-mutilak taldeetan banatu eta hamargarren egunean emango duten kontzerturako prestatzen dituzte. Nola? Tailer desberdinak antolatuz. Bertan, besteak beste, produkzio prozesua nolakoa den ezagutzen dute, abesti bat konposatzetik emaitza ikusten duten arte. Era berean, haiek sortutako musika-taldeen merchandising-a diseinatzen dute. Mundu errealera hurbilketa moduko bat da, jakin dezaten zerekin topatu daitezkeen musikaren arloan.

Batzuk musika-tresnarekin batera iristen dira Gazterockera; besteek, berriz, ideiarik izan ez, eta instrumenturen bat jotzen ikasten dute. Hori izan zen, hain zuzen ere, Eiderri gertatu zitzaiona: "Ezer jakin gabe etorri nintzen hona, eta bateria jotzen erakutsi didate". Hamabost urte ditu eta Errenteriatik heldu da Gasteizera, udalekuan lehendabiziz parte hartzeko. Bere kasuan, udako oporretako programak eman zion Gazterockaren berri bere herrian.

Gazterocken lehen ediziotik bederatzi urte pasa dira, eta horrek eskarmentu handia eman die antolatzaileei. Tailerrak eta taldeak antolatzeko modua aldatuz joan dira, eta urtero erosoago sentitzen dira lanean. Izan ere, gazteen erantzuna oso positiboa dela ikusten dute Horren froga edizioak pasa ahala parte hartzaileen artean aurkitzen dituzten aurpegi ezagunak dira. "Urtero beti daukagu errepikatzaileren bat; aurten, lau edo bost izan ditugu", aipatu du Egoitzek.

Harrobia

Datorren urtean hamar urte beteko ditu Gazterockek, eta ordutik hona talde desberdinen sorrerarako baliagarria izan da. Egoitzek kontatu duenez, "gertatu izan da taldeak atera izana, eta baita hemen ibilitako gazteak talde profesionaletara sartu izana". 

Ez da harritzekoa. Edizio bakoitzean gonbidatu bat ekarri ohi dute gaztetxoekin solasean aritzeko. Besteak beste, Fito Cabrales edo Gorka Urbizu (Berri Txarrak taldearen ahotsa) harreman zuzenean jarri dira gazteekin, esperientziak eta bitxikeriak partekatuz. Horrela, musika maite dutenak gehiago animatzen dira, eta zalantzan daudenei bultzadatxoa ematen zaie.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago