19:10 aldera gertatu zen ezbeharra, 2016ko maiatzaren 3an, Gasteiz etorbidearen eta Tomas Zumarraga Dohatsua kalearen arteko bidegurutzean. Tranbiak 36 urteko txirrindulari bat jo zuen, oinezkoentzako pasabidetik igarotzen ari zela. Santiago ospitalean zendu zen gizona astebete geroago. Araban, zirkulazio istripuan, hil den azken txirrindularia da.
Zerrenda beltz horretan 2011. urtetik gaur arte, beste sei lagun sartu dira: hiru hiri barruko desplazamenduetan hil ziren, eta beste hiru herrialdeko errepideetan. Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren datuen arabera, bost urteko epean (2011-2015) 995 txirrindulari zauritu edo hil dira gure herrialdean, zirkulazio istripuetan. Gainera, bizikletak tartean dituzten ezbeharren zenbatekoak gora egin du, ia etengabe, azken urteetan.
Hala, EAEko Trafiko Zuzendaritzaren datuak kontuan hartuz gero, igoera bereziki nabarmena izan zen 2011. eta 2012. urteetan; tarte horretan, Araban, istripuen %58ko igoera jazo zen. 2013an, berriz, bizikleten ezbeharren kopurua jaitsi zen (-%34,62), baina 2014an %75 igo zen, eta 2015ean %18,4.
Istripu gehienak hirian gertatu dira (%91,6) eta garrantzi gutxikoak izan dira. Hala, denbora tarte horretan (2011-2015) 912 istripu jazo zituzten txirrindulariek Arabako herri edo hiri inguruetan; istripuen %3,2k zauri larriak edo heriotza eragin zituen, eta gainerako %96,7k zauri arinak.
Hiri txirrindularien ezbehar-kopuru altuari erreparatuta, Gasteizko Bizikleteroak elkarteko Diana Paniaguak nabarmendu du hirian istripu gehienak oinezkoentzako pasabideetan, eta zebra-bideetan gertatzen direla, autoak garajetik ateratzen direnean txirrindularia harrapatzen dutelako e
do oinezkoen pasabideetan bizikleta jotzen dutelako. Ez ohi dira garrantzi handiko ezbeharrak, baina segurtasuna bermatze aldera hainbat aldarrikapen egin ditu Paniaguak.
Batetik, bizikleten bideak seinaleztatzea eskatu du, eta ikusbidea bermatzeko: "Sarritan oinezkoen pasabidearen aurrean autoak aparkatuta daude, eta ez dute ezer ikusten".
Halaber, funtsezkoa da, Bizikleteroak taldeko kidearen irudikoz, hiri osoan abiadura moteltzeko neurriak hartzea: "Arazo nagusia abiadura da; autoen abiadura 30era mugatu beharko litzateke hiri osoan, istripuak murrizteko".
Errepideetan, larriago
Unai Torrecilla txirrindulari gasteiztarrak ere uste du errazagoa dela hirian istripu bat izatea. Txirrindulari profesionala izan da Torrecilla; egun, Gasteizen, bizikletarekin mugitzen da, eta halaber, Vibike taldearekin, astebururo, errepideetara ateratzen da. "Gasteizen, egia da istripua errazago izan dezakezula, batek autoaren atea zabaltzen duelako begiratu gabe, oinezko bat gurutzatzen delako…, baina normalean abiadura baxuan izaten dira, eta ez dute ondorio larririk uzten; aldiz, errepidean, abiadura handian goaz, eta auto batek kolpe bat ematen badizu…".
Arrazoi du Torrecillak. EAEko Trafiko Zuzendaritzaren datuen arabera, txirrindulariek izaten dituzten istripurik larrienak errepidean gertatzen dira. Hala, 2011. eta 2015. urteen artean, Arabako hirien eta herrien arteko errepideetan txirrindulariek 83 istripu izan zituzten. Ezbeharren %30ak zauri larriak edo heriotza eragin zituen.
Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 113. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.